Mundua -
Alemania
Ansbacheko erasotzaileak bake gizon moduan egin zuen babes eskaera
Gainera, Mohammed Daleel errefuxiatu siriarrak esan zuen Siriatik ihes egin zuela beste gizakiei erasorik ez egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Ansbachen (Alemaniako hegoaldea) lehergailua jarri zuen errefuxiatu siriarrak bake gizon moduan aurkeztu zuen bere burua 2014. urtean, Alemanian gelditzeko asmoz babes eskaera egin zuenean. Tokiko hainbat hedabidek txosten hori ikusteko aukera izan dute, eta, horren arabera, erasotzaileak zihoen Siriatik ihes egin zuela beste gizakiei erasorik ez egiteko.
Txosten horren arabera, errefuxiatu siriarra Alepon jaio zen eta Mohammed Daleel deituko litzateke. Halaber, urtebetez zuzenbide ikasketak egin zituen eta bere aitaren fabrika batean lan egin zuen, xaboiak egiten.
Babes eskaera egin zuenean, ondorengoa esan zien arduradunei: “Umilazioari eta heriotzari beldur diet. Ez dut armarik erabili nahi inoren aurka egiteko. Siriara bueltatzen banaiz hiltzaile bat bihur ninteke”.
Aldez aurretik, 2013ko uztailaren 16an Daleel-ek Siria utzi eta Turkiara ihes egin zuen. Geroago, trafikatzaile talde bati esker Bulgariara iritsi zen. Ansbacheko erasotzaileak babes eskaera egin zuenean azaldu zuenez, bi hilabete eman zituen kartzelan, eta Poliziaren bortizkeria jasan behar izan zuen herrialde horretan.
Alemanian babes eskaera egin ostean, aurretik beste eskaera bat egin zuela ikusi zuten arduradunek. Horregatik, Daleel Bulgariara itzuli behar zela erabaki zuten, baina, belauna batean zuen zauri bat eragotzita, ezin izan zuten Alemaniatik kanporatzeko txostena bete.
Geroago, bere buruaz beste egiten saiatu zen, birritan, eta, ondorioz, ezin izan zuten herrialdetik kanporatu. Hainbat lekukoren arabera, azken egunotan bere kanporaketari buruz asko hitz egin zuen erasotzaileak, eta hori ekiditeko “zer edo zer” egin behar zuela zioen.
Halaber, 27 urteko errefuxiatu siriarrak jihadismoarekin loturiko bideoak zituen haren eskuko telefonoan eta ordenagailuan. Aipaturiko bideo horietako batean Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko buruari leialtasuna ere aitortu zion, Joachim Herrmann Bavariako Barne Ministroak berri eman duenez. Dena den, oraingoz ez dute erasoa nazioarteko talde terroristarekin lotzen duten frogarik aurkitu.
Gainera, erasotzaileari atzemandako beste bideo batean Alemaniaren kontrako atentatuak egitearekin mehatxu egiten zuen; "mendeku" gisa. "Gizonaren eskuko telefonoan islamaren izenean Alemaniaren kontra atentatuak egitearekin mehatxu egiten zuen bideo bat aurkitu dute", adierazi du Hermannek kazetarien aurrean. Haren esanetan, Alemaniaren kontrako "mendekua" zen, islamaren bidean jartzeagatik eta musulmanen heriotzagatik.