Mundua -
Estatu-kolpe saioa
Turkiako Gobernuak 130 komunikabide baino gehiago itxi ditu
Hiru albiste-agentzia, 16 telebista, 23 irrati eta 45 egunkari itxi dituzte. Gainera, ehunka kazetariri lizentziak kendu dizkiete.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiako buruzagiek 130 komunikabide baino gehiago itxi dituzte, uztailaren 15eko estatu-kolpe saioaren ondoren, CNN Turk telebistak jakitera eman duenez.
Hiru albiste-agentzia, 16 telebista, 23 irrati eta 45 egunkari itxi dituzte, Anatolia albiste-agentzia ofizialak jakinarazi duenez.
Gainera, ehunka kazetariri lizentziak kendu dizkiete, estatu-kolpe saiakerarekin eta Fetula Gulen klerikoarekin zerikusia dutelakoan.
Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa
Hala ere, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa estatu-kolpea baino lehenago hasi zela ohartarazi du prentsak. Iaz Turkiako buruzagiek Zaman egunkaria itxi zutela gogorarazi dute.
Garbiketak ez dute etenik. 2.400 militar baino gehiago kargutik kendu dituzte azken egunetan. Era berean, 50.000 langile publiko baino gehiago kaleratu dituzte.
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteak larrialdi egoera ezarri eta Europako Giza Eskubideen Ituna bertan behera utzi du segurtasunaren argudioa erabilita.
Mendebaldea, kezkaturik
Turkiako buruzagiek hartzen dituzten neurriek Zuzenbidezko Estatua eta ordena demokratikoa errespetatu behar dituela ohartarazi du Mendebaldeak. Hala ere, heriotza-zigorra berreskuratzeko aukera planteatu du Turkiako Exekutiboak.
?Gertatzen ari denarekin guztiak kezkaturik gaude?, adierazi du Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak.
Bestalde, John Kirby AEBko Estatu Departamentuko bozeramailearen ahotan, kazetarien atxiloketa ?joera kezkagarria da; izan ere, diskurtso politiko legitimoei adorea kentzeko erabiltzen dute?.