Mundua -
MEXIKO
Peña Nietorekin bilduko da Trump, migrazioaren diskurtsoa leunduta
Migratzaile mexikarren kontrako mezu gogorrekin abiatu zuen hauteskunde kanpaina hautagai errepublikanoak. Orain, ezustean, Peña Nietorekin biltzea onartu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Etxe Zurirako hautagai errepublikanoak ezustekoa eman du, asteazken honetan Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearekin bilduko dela iragarrita. Hauteskunde kanpaina abiatu zenetik, Trumpen kritiken jomuga izan da Mexiko. Gainera, migrazioari buruzko diskurtsoa egingo duen egunean bertan bilduko da buruzagi mexikarrarekin.
Inork espero ez zuen bisita honekin, Trumpek estrategia aldaketa irudikatu nahi duela esan dute adituek. Migratzaile mexikarrak "kriminalak" eta "bortxatzaileak" zirela esanez abiatu zuen kanpaina, eta Mexikoko mugan harresi bat eraikitzea ere proposatu zuen. Orain, diskurtsoa leunduta, Peña Nietok egin dion gonbita onartu du. "Enrique Peña Nieto presidentearen gonbita onartu dut, eta berarekin biltzeko gogotsu nago", esan du Trumpek, Twitter bidez.
Ostiralean eman zuen horren berri Mexikoko presidenteak. Hillary Clinton eta Donald Trump hautagaiak bilera batera deituko zituela jakinarazi zuen, eta Peña Nietok Twitter bidez baieztatu zuen Trumpek baiezkoa eman ziola. "Mexikoren interesak munduan barrena zabaltzeko elkarrizketa bultzatzea beharrezkoa dela uste dut, batez ere, dauden lekuan daudela, mexikarrak babesteko", esan du txio batean presidenteak.
Arizonan, gaur arratsaldean, 18:00etan, hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusietako bat du Trumpek, eta migrazioari buruzko diskurtsoa egingo du bertan. Behin baino gehiagotan atzeratu du hitzaldi hori hautagai errepublikanoak, eta, beraz, ikusmin handia dago esango duena entzuteko. Antza, asko leunduko du orain arteko diskurtsoa, migratzaileen botoaren bila.
Mexikora egingo duen bisitaren berri izan orduko, agiria kaleratu du Clintonek, Trumpek Mexikori eta mexikarrei buruz esan dituenak gogora ekartzeko.