Mundua -

Hondamendi ekologikoa

Gaur bukatuko da Obamak BPri beste plan bat sortzeko eman dion epea

AEBen arabera, petrolio-enpresaren planak ez dira behar beste eraginkorrak. Apirilaren 20tik, BPk 151 eta 412 milioi litro inguru petrolio isuri dituela kalkulatu dute zientzilariek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak British Petrolium (BP) enpresari plan eraginkorrago bat garatzeko eman dion epea gaur, igandea, bukatuko da. James Watson AEBetako Kostako Goardiaren kontra-almirantearen arabera, BPk duen egungo plana ez da behar beste eraginkorra.

"Kezkatzen nau oraingo planak ez duela ahalbidetzen behar diren baliabideen mobilizazioa petrolioaren bilketa gauzatu ahal izateko", Watsonek esan duenez.

Britainia Handiko multinazionalak 2,4 milioi litro petrolio biltzen ditu orain, duela gutxi isuriaren gainean jarri duen kutxari esker; zeinek hodi baten bidez gainaldean dagoen itsasontzi batera ponpatzen duen.

Nahiz eta sistema hori orain arteko eraginkorrena izan, egun petrolio kantitate handiak itsasoan bukatzen du. Zientzilariek kalkulatu dutenez, apirilaren 20an kontrol barik geratu zen putzuak, BPren plataforman leherketa bat izan ostean, 151 eta 412 milioi litro inguru petrolio isuri ditu itsasora.

Obamak atzo, larunbata, elkarrizketa bat izan zuen telefonoz hondamendiaren inguruan David Cameron britainiar lehen ministroarekin. Biek azpimarratu zuten ezinbestekoa dela BPk "ahal duen guztia egin behar duela egoerari eraginkortasunez erantzuteko", Etxe Zuriak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea