Mundua -
Sinadura ekitaldia
AEBetako finantza-sistemaren erreforma historikoa sinatu du Obamak
AEBetako "historian kontsumitzaileak gehien babestuko dituen" legea izango da, Amerikako Estatu Batuetako presidentearen hitzetan.
Erredakzioa
Depresio Handitik onartu den finantza-erreformarik handiena sinatu du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Obamaren esanetan, zergapekoek ordaindutako Wall Streeten erreskate programak amaituko dira erreformarekin.
AEBetako "historian kontsumitzaileak gehien babestuko dituen" legea izango da, Obamak sinadura ekitaldian adierazi duenez.
Sektore pribatuko eta publikoko 400 bat buruzagiren aurrean sinatu du legea Obamak, zeremonia batean. Ekintzaile sozialak ere bertan izan dira. Guztiek paper garrantzitsua jokatu dute legea egiteko eta onartzeko garaian.
Atzeraldi ekonomikoaren "arrazoi nagusia finantza-sistemaren hondamena izan zen", agintariaren hitzetan, eta 2008ko krisia Wall Streeteko eta Washingtoneko botereko zenbait sektoreren arduragabekeriaren ondorioz gertatu zen".
"Arau zaharkituak"
AEBetako finantza-sektoreak "arau zaharkituak izan ditu urtetan zehar, eta gainera ahul aplikatu dituzte orain arte, horrek sistemari abantailak ateratzea ahalbidetu du eta batzuek arriskuak hartu zituzten ekonomia guztia arriskuan jarriz", erantsi du presidenteak.
Kongresuko buruzagiek lagunduta, zergapekoek ordaindutako Wall Streeteko erreskateak bukatu direla ziurtatu du Obamak, eta legeak gardentasuna eta sinpletasuna bultzatuko ditu kontsumitzaileen maileguetan eta kreditu-txarteletan.
"Lege honi esker, AEBetako herriak ez ditu Wall Streeten akatsak berriz ordaindu beharko", esan du Obamak txalo artean.