Mundua -

Europako Justizia Auzitegia

Kosovoren independentzia legala da

Kosovoko Gobernuak kaleratu du bere lehen adierazpena, erabakiaren ostean: Serbiari esan dio, hemendik aurrera edozein Estatu subiranorekin bezala hitz egin beharko duela Kosovorekin.

0

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Justizia Epaitegia NBEko justizia erakunde nagusienaren arabera, Kosovoren independentzia legala da. Izan ere, herrialde hori independentea da 2008ko otsailetik.

Epaitegiaren erabakiaren arabera, Kosovoko independentzia aldarrikapenak ez du nazioarteko zuzenbidea urratzen.

Hisashi Owada epaileak irakurri du epaia Hagako Bake Jauregian. Erabakia ez da loteslea, baina pisu politiko eta juridiko handia izan dezake. Erabaki honen arabera, Kosovoko parlamentuak eskumen osoa dauka bere marko juridikoa aldatzeko. Nazio Batuek ez dute aldarrikapen horretan arazorik edo lege urratzerik ikusi.

Orotara 69 gobernuk onartu dute Kosovoko independentzia, tartean Estatu Batuek, Japoniak eta Europar Batasuneko 22 gobernuk. Hala ere, Espainiak, Errusiak, Txinak, Brasilek eta Indiak ez dute onartu.

Belgradok independentzia ilegala izatea espero zuen, lurralde horri berrantolatu ahal izateko. Kosovoko herritarren ustez, independentzia prozesuak ez du atzera bueltarik.

2008ko urrian Serbiak Kosovoren independentzia legala ote zen ikertzea eskatu zuen. Hori dela eta, Nazioarteko Justizia Korteak ikerketa bat zabaldu zuen. Bertan 30 herrialde inguruk hartu dute parte Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Serbia eta Espainia tartean. Espainiak abenduaren 8an defendatu zuen Kosovoren independentzia ez dela legala.

Gaur egun 69 herrialde inguruk independentetzat hartu dute Kosovo, tartean AEB, Japonia eta Europar Batasuneko 22 herrialde.

Kosovoko Gobernua

Bestalde, Kosovoko Gobernuak kaleratu du bere lehen adierazpena, Hagako Nazioarteko Epaitegiaren erabakiaren ostean: Serbiari esan dio, hemendik aurrera edozein Estatu subiranorekin bezala hitz egin beharko duela Kosovorekin.

"Serbiak atzera egin behar du orain, eta biontzat garrantzia eta interesa daukaten gaiei buruz hitz egiteko gugana etorri behar da", esan du Skender Hyseni Kosovoko Atzerri ministroak.

"Kosovoko Errepublikarentzat eta bere herritar guztientzat egun bedeinkatua da", adierazi du Fatmir Sejdiu presidenteak.

Serbiaren erreakzioa

Bestalde, Vuk Jeremic Serbiako Atzerri ministroak Kosovoko independentzia ez dutela "inoiz" onartuko azpimarratu du. Bere hitzetan, "borroka diplomatiko baketsuarekin" aurrera jarraituko du Serbiak Kosovorekin, baina erraza ez dela izango onartu du. Jeremic-en ustez, urrats garrantzitsua izango da udazkenean ospatuko den NBEko Batzar Orokorra.

Hala ere, bake giroa mantentzea "oso garrantzitsua" dela esan du. Kosovoko hiritarrei "probokazioetan" ez jauzteko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak NBE Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Serbia 2024 Kosovo gaur