Mundua -

Kosovo

Ekintza diplomatikoa areagotuko duela iragarri du Serbiak

Serbiak lurralde-osotasunaren defentsa politikari eta subiranotasuna bide politiko eta diplomatikoen bidez defendatzeari uko egingo ez diola azpimarratu du Mirko Cvetkovic Serbiako lehen ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Serbiako Gobernuak gaur iragarri duenez, nazioartearen laguntza bereganatzeko ekintza diplomatikoa areagotuko du, Kosovoko estatutuaren planteamendua negoziaketa berrietan konpon dezaten. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritziak bide hori itxi egin ez duela ziurtatu du Serbiako Exekutiboak.

"NBEko Batzar Nagusian gure jarrerak defendatzea erabaki dugu. Negoziaketen bidez bi aldeentzako konponbide bat emateko ebazpena proposatuko du Serbiak", adierazi du Mirko Cvetkovic Serbiako lehen ministroak prentsaurrekoan, Belgradon.

Serbiak lurralde-osotasunaren defentsa politikari eta subiranotasuna bide politiko eta diplomatikoen bidez defendatzeari uko egingo ez diola azpimarratu du Cvetkovicek, eta zentzu horretan, Hagako Auzitegiaren erabakiak "ateak itxi ez" dituela gaineratu du.

"Elkarrizketaren bidez Kosovoko arazoa konpontzeko lanean jarraituko du Serbiak, bakea eta egonkortasuna bermatzeko modu bakarra delako", azaldu du lehen ministroak.

Atzerri ministroa

Hagako Auzitegiak hartutako erabakiarekin aurrekari arriskutsu bat sortu dutela ohartarazi du Vuk Jeremic Atzerri ministroak prentsaurreko berdinean. Jeremicen ahotan, sezesioaren gaia munduko sezesionismo mugimendu ezberdinen interpretazioaren eskuetan utzi dute.

"Pandoraren kutxa zabalik dago eta bertatik munduko edozein tokitan zerbait atera baino lehen, itxi beharra dago, eta horregatik NBEko Batzar Nagusian egin beharreko eztabaida Estatu askok bultzatuta egingo dute", azaldu du Jeremicek.

Serbiako Gobernuak premiazko bilera egin du gaur, Hagako Auzitegiaren iritzia aztertzeko eta eman beharreko hurrengo pausoak erabakitzeko. Boris Tadic presidentea bertan izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea