Mundua -
Siria
Siriako eraso kimikoak zatiketa ekarri du NBEn, potentzien artean
Blokeoak jarraitzen badu Ameriketako Estatu Batuak Sirian izandako ustezko eraso kimikoari erantzuteko neurriak hartuko dituela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako iparraldean izandako eraso kimikoak NBEko Segurtasun Kontseiluko potentziek gerraren hasieratik erakutsi duten banaketa areagotu du asteazken honetan.
Batetik, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia eta Erresuma Batua daude, eta bestetik, Errusia eta, neurri txikiagoan, Txina. Kontseiluko kide iraunkorrek akusazioak partekatu dituzte berriro, eta ezin izan dute Siriako Jan Sheijun udalerrian gertatutakoa gaitzesteko testurik adostu.
Mendebaldeko potentziak Baxar al-Asaden erregimena jo dute horren errudun, eta erasoak beste behin erakutsi du horren "basakeria". Errusia ere gogor kritikatu dute Nazio Batuen Erakundean Al-Asad babesteagatik, Jan Sheijunen gertatutakoa gaitzesteko aurkeztutako proposamena baztertzeagatik bereziki.
Matthew Rycroft britainiarrak esan duenez, Errusiak Kontseiluan jarritako betoek Siriako erregimena hiltzen jarraitzea animatzen dute bakarrik. Erresuma Batuak, Frantziak eta AEBk eraso kimikoaren inguruan proposatutako testuaren alde egin du, edozeinek babesteko modukoa dela iritzita.
Zirriborroak ez du errudunik aipatzen; erasoa gaitzetsi, nazioarte mailako ikerketa abiatu, Siriako agintarien laguntza eskatu eta eraso horren errudunaren kontrako aldi baterako neurriei ateak ireki besterik ez du egiten.
Halaber, horren ustez, testua "erabat onartezina" dela esan du Errusiak hasieratik, eta edozein erabaki ikerketa "amaitutakoan" hartu behar dela defendatu du.
Errusiako ordezkari Vladimir Safronkovek esan duenaren arabera, orain arte atera direnak "albiste faltsuak" dira. Moskutik igorritako informazioetan irakurri daitekeenez, Siriako hegazkinek biltegi bat bonbardatu dute, eta Al Nusra terrorista taldeak (Al Qaedaren filiala) "arma toxikoak" egiten ari ziren bertan.
Baliteke AEBk aldebakarreko neurriak hartzea
Testuinguru honetan, AEBk ohartarazi du balitekeela aldebakarreko neurriak hartzea Siriako Erregimenaren aurka, NBEko Segurtasun Kontseiluko blokeoa mantentzen bada.
“NBEk behin eta berriro porrot egiten duenean, estatuak aldebakarreko neurriak hartzera behartuta daude batzuetan”, nabarmendu du Nikki Haley enbaxadoreak.
Horren esanetan, erasoak Baxar al-Asaden “ukitua” du, eta Erregimenak iraganean ere arma kimikoak erabili dituela gogorarazi du.
“Zenbat ume gehiago hil behar dira?”, galdetu dio Errusiari.