Mundua -
Gerra Sirian
AEBk dio ‘beharrezkoa eta neurrizkoa’ izan dela Sirian egindako erasoa
“Segurtasun nazionala bermatzeko" Siriako armadaren aire base baten kontra misilak jaurtitzea "beharrezkoa" izan dela esan du Etxe Zuriko bozeramaile batek.
Agentziak | Erredakzioa
Aste honetan bertan Siriako Jan Shijun hirian ustez arma kimikoekin egindako erasoaren ondoren, gauerdian AEBk 59 misil inguru jaurti ditu bertako armadako aire base baten kontra. Ildo horretatik, Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak ziurtatu du erantzuna “erabakigarria, beharrezkoa eta neurrizkoa” izan dela. Halaber, nazioarteko herrialdeek Trumpen Gobernuaren erabakia txalotu dutela esan du.
“Siriako Gobernuak eta Baxar al-Assadek arma kimikorik ez erabiltzeko akordioak errespetatu behar dituztela uste du AEBko presidenteak”, esan du Etxe Zuriko bozeramaileak.
Ildo horretatik, arma kimikoen arriskua saihestu eta “segurtasun nazionala bermatu ahal izateko" Donald Trump presidenteak Al Shairat aire basearen kontra 59 Tomahawk misil jaurtitzeko baimena eman duela esan du Spicerrek. Hala, Etxe Zuriak ontzat hartu du misilen jaurtiketa, herritarren segurtasuna bermatzeko egin duela argudiatuta.
“Nazioarteko herrialdeen erantzuna argia izan da, eta gehienek Donald Trump presidenteak hartutako erabakia txalotu dute, beharrezkoa eta neurrizkoa izan baita”, gaineratu du Etxe Zuriko bozeramaileak.
“Aurrez pentsatutako erabakia izan da. Urrats gehiago emateko prest gaude, baina beharrezkoa ez izatea espero dugu”, esan du Nikki Haley NBEko enbaxadore estatubatuarrak.