Mundua -
Loveparade
Duisburgoko alkatea kargua uzteko prest dago
Alemaniako Loveparadeko ezbeharraren ostean, kargua uzteko eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskaerak handitu egin direla ikusi du Duisburgoko alkateak.
Erredakzioa
Loveparade jaialdiko ezbeharraren ostean, Adolf Sauerland Duisburgoko (Alemania) alkateak bere kargua uzteko prest dagoela esan du; orain dela bederatzi egun 21 lagun hil eta 500 baino gehiago zauritu ziren ezbehar horretan.
"Logikoki legeak ezartzen duen bezala kargua uzteko prest nago", adierazi du alkateak bere bulegoaren agiri baten arabera.
Kargua uzteko eta ezbeharraren erantzukizuna bere gain hartzeko eskaerak handitu egin direla ikusi du Duisburgoko alkateak; izan ere, askoren ustetan, Udalaren segurtasun neurriek Loveparade jaialdian huts egin zuten.
"Nik argi daukat: ez dut erantzukizuna nire gain hartuko. Lehenik eta behin, edozein erantzukizun politikorik onartu baino lehen, Udalak erantzukizuna izan duela jakin behar dut", esan du Sauerlandek.
Joan den astean Ezkerreko alderdiak alkatea kargutik kenduko zuela iragarri zuen, eta berehala, Alderdi Liberalak erabakiaren alde egin zuen ere.
Duisburgoko ezbeharrak Alemania hunkitu zuen joan den uztailaren 24an; nazioarteko jaialdi elektroniko handienean, Loveparadean, izandako segurtasun akatsek jende-oldeak eragin zituzten eta milaka lagun 60ko hamarkadako 10 metroko eta larrialdietarako irteerarik gabeko tunel baten barruan gelditu ziren.
21 hildakoen artean bi gazte espainiar hil ziren, 22 urteko Clara Zapater eta Marta Acosta.
Guztira, zortzi atzerritar hil egin ziren jaialdiko jazoeran.