Mundua -
Uholdeak
Munduko Bankuak 700 milioi euro emango dizkio Pakistani
NBEk ohartarazi du "milioika haurren etorkizuna arrisku larrian" dagoela, eta sendagaiak prestatzen ari direla malariak, beherakoak eta kolerak jota dauden milaka herritarrentzat.
Erredakzioa
Munduko Bankuak 900 milioi dolar (700 milioi euro) emango dizkio Pakistani uholdeek kaltetutako 14 milioi herritarrei laguntze aldera.
"Txikizioa 2005eko lurrikarak eragindakoa baino handiagoa da eta kostu ekonomikoa ikaragarri handia izatea espero da", adierazi du Bankuak agiri batean.
Bankuak azpimarratu du Pakistango Gobernuak 900 milioi dolarreko laguntza eskatu zuela, eta "guk emateko konpromisoa hartu dugu". Finantzazioa herrialde txiroentzako funtsetik aterako dute, Garapenerako Nazioarteko Elkartetik, alegia.
Uztaila amaieran hasitako uholdeak herrialdearen % 17ra iritsi dira eta ia 1.400 hildako utzi dituzte, Pakistango iturri ofizialen arabera.
Beldurra haurrengatik
Nazio Batuen Erakundea kezkatuta agertu da "milioika haurren etorkizuna arrisku larrian" dagoelakoan. "Dagoeneko milaka izango dira ahulenen artean hildakoak", hau da, haurrak eta agureak.
Giulianok bozeramaileak ohartarazi du balitekeela goseak jota lehenengo hildakoak izatea eta elikagai gabeziak, zeharka bada ere, gaixo daudenei eragingo diela.
NBEren bozeramaileak esan du prestatzen ari direla malaria duten bi milioi herritarrei, beherakoa duten 1,5 milioiei, eta kolera dutenei sendagaiak emateko.