Mundua -

Goi-bileran Sizilian

Klima-aldaketaren aurkako Parisko akordioa berresteari uko egin dio AEBk

Merkataritza librearen aldeko adierazpena adostu dute G7ko herrialdeek, baina ingurugiroari dagokionez, Parisko itunarekiko konpromisoa berresteari uko egin dio Donald Trumpek.

G7ko herrialdeak Sizilian batzartu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE
G7ko herrialdeak Sizilian batzartu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE
G7ko herrialdeak Sizilian batzartu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan Taorminan (Sizilia, Italia) G7ko herrialdeek egindako goi-bileraren azken adierazpenak argi eta garbi utzi du Amerikako Estatu Batuen eta gainerako herrialdeen arteko zatiketa.

Izan ere, merkataritzari dagokionez, jarrerak hurbildu direla islatzen du adostutako adierazpenak. Ingurugiroa, berriz, kalterik handiena jasan duena izan da, klima-aldaketaren aurkako Parisko hitzarmena berresteari uko egin baitio Donald Trump AEBko presidenteak.

"Merkataritza libreak eta bidezkoak dakarren elkarrekiko probetxua" aitortu dute G7ko herrialdeek. Puntu horretan Trumpek amore eman duela dirudi, bere hauteskunde-kanpainan protekzionismoaren aldeko deia nagusitu baitzen.

Klima-aldaketaren kontrako borrokak, ordea, ez du zorterik izan. G7ko adierazpenean 2015ean adostutako Parisko itunari egin diote aipamena, horrekiko "konpromiso irmoa" dutela esanez. Gauzak horrela, adierazpenaren parte hori berresteari uko egin dio Trumpek, eta bere behin betiko jarrera argitzeko denbora gehiago eskatu du.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi duenez, klima-aldaketaren inguruan Trumpekin izandako elkarrizketak "txarrak" izan dira. AEBk Parisko ituna errespetatuko ez duelakoan dago Merkel. "Parisko akordioa oso garrantzitsua da", azpimarratu du Merkelek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Trump gaur Larrialdi klimatikoa albisteak