Mundua -
Presidentearen arerioa
Apaiz batek Sarkozyk bihotz-krisia izan dezan otoi egiten du
Hervet aita ezaguna da Frantzian ijitoen alde egindako lanagatik. Sarkozyk ijitoen inguruan azken egunetan hartutako erabakien erabat kontra dagoela erakutsi nahi izan du apaizak.
Erredakzioa
Arthur Hervetek, Lille hiriko parrokia bateko apaizak, Nicolas Sarkozy presidenteak bihotz-krisia izan dezan otoi egiten duela jendaurrean onartu du. Bere esanetan, Sarkozyk ijitoen aurka duen gerra gelditzeko egiten du hori.
"Barkamena eskatzen dizuet baina Sarkozyk bihotz-krisi bat izatea nahi dudalako otoi egiten dut" esan die 71 urteko apaizak kazetariei igandeko meza bukatu ondoren.
"Ez dakit zer gehiago egin dezakedan gerra honekin amaitzeko", adierazi du aita Arthurrek. Lilleko apaiza oso ezaguna da ijitoen alde egiten dituen gauzengatik, askotan kanpin dendak, jatekoak eta arropa erosteko dirua bildu du.
Ez da apaizak hartu duen erabaki bakarra. Jakitera eman duenez, merituengatik jasotako domina Gobernuari itzultzea erabaki du eta Brice Hortefeux Barne arazoetako ministroari ijitoek bizi dituzten "kondizio tamalgarriak" ez ezagutzea leporatu dio.