Mundua -
Hauteskunde aurreratuak
Zalantza giroa nagusi, Erresuma Batuko hauteskundeetan
Hauteslekuak 22:00ak arte egongo dira zabalik. Antza, Mayk ez du uste bezain erraz irabaziko, Corbynek tartea estutu ostean, inkestek diotenez.
agentziak
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadoreak eta Jeremy Corbyn hautagai sozialdemokratak dagoeneko haien botoa eman dute Erresuma Batuko hauteskunde aurreratuetan. Europar Batasunetik (EB) ateratzeko negoziaketetan “akordio egokia” negoziatu ahal izateko garaipen sendoa lortu nahi du Mayk.
Erresuma Batuko lehen ministroa izan da bozka eman duen lehen hautagaia. Philip May bere senarrarekin batera hurbildu da Sonningeko hauteslekura. Berkshiren. Botoa eman ostean bertan zeuden kazetariak agurtu ditu, baina ez du adierazpenik egin nahi izan.
Bestalde, hauteskunde-kanpainan izandako lantaldearekin “oso harro” dagoela esan du Corbynek. “Mila esker gaur hona etorri zareten pertsona guztioi. Demokraziaren eguna da. Botoa eman berri dut eta oso harro nago hauteskunde-kanpainan zehar egindako lanarekin”, gaineratu du alderdi laboristaren hautagaiak.
Halaber, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ere bozka eman du, Glasgow hirian.
Inkestek ez dute garaipen argirik ematen
Erresuma Batuko 46,9 milioi herritar daude gaur, ekainak 8, hauteskunde aurreratuetan botoa ematera deituta. Theresa May lehen ministro kontserbadoreak aurreratu zituen bozak apirilaren 18an, "brexit"erako negoziazioei begira agintea indartzeko; baina azkenean, eraso terroristak medio, kanpaina gai horrek baldintzatu du eta hauteskundeen mapa alda liteke.
Bozkatzeko prestatu dituzten ia 40.000 hauteslekuek ateak ireki dituzte hango 07:00etan (08:00etan, gurean), eta 22:00ak arte egongo dira zabalik (23:00ak, gurean).
Mayk 20 puntuko abantaila zuen hauteskundeak deitu zituenean, eta gehiengoa zabaltzeko asmoa du. Egun 17 diputatuko tartea du, eta hasiera batean hori handitzea zen helburua, baina kontrakoa gerta dakioke.
Izan ere, ezustean, Jeremy Corbyn sozialdemokratak gora egin du eta baliteke kontserbadoreek gehiengoa galtzea. Kasu horretan, alderdiak itunak egitera behartuta egongo lirateke.
Corbynek jarraitzaile ugari du, baina talde parlamentarioan ez du horrelako babesik. Gaur egun laboristek 229 eserleku dituzte, 2015eko hauteskundeetan botoen % 30,4 eskuratuta, eta hori gainditzea du jomugan.
Kanpainaren azken egunean Mayk Erresuma Batuaren izpiritua "berpizteko" konpromisoa hartu zuen, eta hori "brexit"aren akordioarekin lortuko dela esan zuen. Bestalde, Corbyn Gobernura iristea "kaosa" izango litzatekeela ohartarazi zuen.
Bestalde, Corbyn buruzagi ezkertiarrak azpimarratu du "banketxeen krisiaren ondorioz ezarritako zuhurtzia neurriek kaltetutako belaunaldia" dela egungoa; eta horren aurrean, "beldurraren eta esperantzaren" artean hautatzeko deia egin die herritarrei.
Opiniumek berriki egin duen inkestaren arabera, kontserbadoreek irabaziko dituzte hauteskundeak % 43ko babesarekin, eta laboristek % 36aren babesa lortuko dute. Azken egunotako beste inkesta batzuk, ordea, berdinketa ere aurreikusi dute.
Eskoziako independentisten SNPk, Nicola Sturgeon ministro nagusia buru duenak, 2015ean lortu zituen 54 ordezkariei eustea du helburu; izan ere, Eskoziari 59 dagozkio, eta ia guztiak ditu bere esku.
Tim Farronen Alderdi Liberal Demokratak 9 eserleku besterik ez zituen eskuratu aurreko hauteskundeetan, eta ordezkaritza zabaltzea du helburu. Horretarako, "brexit"aren azken akordioari buruz erreferenduma egingo lukeela hitzeman du.
UKIP eurofoboak indarra galdu du "brexit"a onartu zenetik; gainera, zituen bi diputatuek dimisioa eman dute duela gutxi. Hala ere, Erresuma Batuan babesa dutela erakutsi nahi dute.
Egunkariak, Mayrekin
Erresuma Batuko egunkarien gehiengo zabala Mayren alde agertu da azken egunotan, eta Corbynek hiruren babesa soilik du.
Erresuma Batu mailako 16 egunkari eta igandekarien artean, hamaika daude jarduneko lehen ministroaren alde.