Mundua -

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Mayk gehiengo osoa galduko du, hauteslekuetan egindako inkestaren arabera

Kontserbadoreek 314 eserleku lortuko lituzkete, eta gehiengo osotik 12ra geratuko lirateke. Laboristek, aldiz, gora egingo lukete, 232tik 266ra.

Theresa May jarduneko lehen ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Theresa May jarduneko lehen ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Theresa May jarduneko lehen ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa galduko du Erresuma Batuan egindako hauteskunde orokorretan, Parlamentuko 650 eserlekuetako 314 eskuratuta, Erresuma Batuko telebista kate nagusientzat (BBC, Sky eta ITV) hauteslekuetan egindako inkestaren arabera.

Boto zenbaketak inkestaren emaitza baieztatuz gero, Theresa May lehen ministroak porrot egingo du hauteskundeak aurreratzeko egindako apustuan, gehiengo osoa gehiago zabaltzea baitzuen helburu, eta 330etik behera geratu da.

John Curtice politologo ezagunaren zuzendaritzapean egindako inkesta horrek iragarritakoa betez gero, laboristek 266 diputatu lortuko dituzte, orain arte zituztenak baino 34 gehiago, Jeremy Corbynen hautagaitzarekin. Hauteskundeetarako bidea Mayrengandik oso urrun hasi zuen Corbynek, eta hastapenetan porrot itzela jasoko zuela aurreikusten zuten.

Liberal-demokratek, Bruselaren aldeko babesa pilatu nahi zutenek, duela bi urte lortutako bederatzi ordezkariak gaindituko lituzkete, 14raino igota.

Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP), berriz, 34 izango lituzke, azken hauteskundeetan baino dezente gutxiago, aldi hura historikoa izan baitzen, jokoan zeuden 59 ordezkarietatik 56 bereganatu baitzituen.

UKIPek, bitartean, 2015etik zuen ordezkari bakarra galduko luke. Diputatu kontserbadore ohi batek hartu zuen lekua, baina dimisioa eman eta alderdi eurofoboa ere utzi zuen.

Brexit

47 milioi britainiar inguru zeuden botoa ematera deituta Westminsterreko Parlamentuko Behe Ganberaren osaera erabakitzeko, Mayk apirilaren 18an 2020ko maiatzean egitekoak ziren hauteskundeak aurreratzea erabaki ostean.

Lehen ministroa duela urtebete iritsi zen boterera, eta apirilean esan zuen indar handiagoa izateko aurreratuko zituela hauteskundeak, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioan aginte handiagoa izateko.

"Brexit" izenaz ezagutu den prozesua bideratzeko negoziazio garrantzitsuak ekainaren 19an hasiko dira, Londresek Lisboako Itunaren 50. Artikulua abian jarri eta hiru hilabeteera. Bi urteko negoziazioa aurreikusten du artikulu horrek estatu bat Europar Batasunetik ateratzeko.

Maiatzaren hasieran Parlamentua desegin zenean, Mayk 20 puntuko aldea zuen Corbynen laboristekiko boto-asmoari buruzko inkestetan, baina azken asteotan aldea nabarmen murriztu da.

Segurtasun neurri handiak

Segurtasun neurri itzelekin egin dituzte hauteskunde orokorrak, aurreko larunbatean Londresen zortzi hildako eta 48 zauritu utzi zituen atentatuaren ondoren.

Gainera, eraso hori izan baino bi aste lehenago, 22 pertsona hil zituzten Manchesterren, kontzertu batean bonba bat leherrarazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua bideoak Albisteak Brexita Theresa May Hauteskundeak Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak?