Mundua -

Sutea Portugalen

Portugalgo Fiskaltzak ikerketa abiarazi du sutea zerk eragin zuen argitzeko

Bestalde, suhiltzaileek kontrolpean hartu dute 64 pertsona hil eta 200dik gora zauritu dituen sutea.

Suhiltzaileek Goiseko fokoa kontrolpean hartzea lortu dute, aktibo zegoen azkena. Argazkia: EFE
Suhiltzaileek Goiseko fokoa kontrolpean hartzea lortu dute, aktibo zegoen azkena. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugalgo Fiskaltzak ikerketa abiarazi du dagoeneko "sutea zerk eragin zuen eta horren ondorioak" argitzeko. Sutea aurreko larunbatean hasi zen, eta 64 pertsona hil eta 200dik gora zauritu ditu.

Ministerio Publikoak Eferi baieztatu dionez, prozesua sekretupean dago eta ezbeharraren nondik norakoak argitzea du helburu, herrialdean zalantza hedatu ostean.

Sua larunbat arratsaldean piztu zen Pedrogao Grande udalerrian, Leiria barrutian, seguruenik tximista batek jota, epaitegietako Poliziak 24 ordu baino gutxiagoan adierazi zuenaren arabera.

Alabaina, Jaime Marta Soares Portugalgo Suhiltzaileen Ligako presidenteak zalantzan jarri zuen hipotesi hori, bertsioa ematen oso bizkorrak izan zirelako, eta, antza, tximistak hasi aurretik sua piztuta zegoelako.

Bestalde, Portugalgo agintariek adierazi dutenez, suhiltzaileek kontrolpean hartu dute larunbatean herrialdearen erdialdean piztu zen sutea. 64 pertsona hil eta 200dik gora pertsona zauritu ziren.

Carlos Tavares Babes Zibileko komandantearen esanetan, sua itzaltzen aritu diren 1.200dik gora suhiltzailek lanean jarraituko dute garrak berpiztea eragozteko.

Tavaresek gaineratu duenez, 301 suhiltzaile espainiar ari dira lanean eta datozen orduetan lau hegazkin eta bi helikoptero helduko dira Portugalera, suaren perimetroa ziurtatzeko.

Suhiltzaileek kontrolpean hartu duten azken fokua Goisekoa izan da. Portugal erdialdean dagoen Pedrogao Grande herrian piztu zen sutea (Leiria barrutia), larunbatean.

Azken egunotako tenperatura altuek eta haize zakarrak garrak abiadura handian zabaltzea eragin dute, eta suhiltzaileek bost egun behar izan dituzte sua itzaltzeko. Halaber, orografiak ere sua itzaltzea zaildu du.

Orain kalteak zenbatzen eta sua nola piztu zen hasiko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Suteak bideoak Eguneko albisteak Lisboa azken ordukoa