Mundua -
Batzarrak, Etxe Zurian
Obama, Netanjahu eta Abbasekin bildu ostean: 'Aurrerapausoa izan da'
Zisjordanian sarraski "zentzugabea" izan ostean, AEBetako presidenteak bake elkarrizketei "irmo" eutsiko dietela adierazi du.
Erredakzioa
Palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketak berriz hasteko asmoari "irmo" eutsiko diotela esan du Barack Obama AEBetako presidenteak Benjamin Netanjahu lehen ministro israeldarrarekin eta Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin bildu ostean. Eta hori oztopoak oztopo egingo dute. Asteartean lau kolono hil zituzten tirokatuak Zisjordanian.
Obamak eta Netanjahuk hedabideen aurrean adierazpenak egin dituzte Etxe Zurian batzartu ostean. Hogei hilabete dira bake elkarrizketarik ez dela, eta Obamaren hitzetan, "asko dago egiteko".
Zisjordaniako palestinarren lurretako asentamenduen harira, Israelgo Gobernuak asentamenduak ez eraikitzeko epeari bukaera jarriko diola ohartarazi dio Benjamin Netanjahuk Obamari.
Netanjahurekin batzartu ostean, Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin, Abdala II.a Jordaniako Erregearekin eta Hosni Mubarak Egiptoko presidentearekin batzartu da Obama. AEBetako presidenteak urtebeteko epean bake akordioa lortzea du helburu.
Bestalde, Obama baikor agertu da Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin bildu ostean. Izan ere, "aurrerapausoak izan dira", Obamaren iritzian.Mahmud Abbasek benetako bake-prozesu baten aldeko "erabateko konpromisoa" agertu du, baina negoziazioei irtenbidea emateko juduen asentamenduen auziari konponbidea eman behar zaiola gaineratu du.
Bilera horiek egin ostean, afari bat antolatu dute Etxe Zurian, eta Tony Blair lehen ministro britainiar ohia ere izan da bertan. Blair Ekialde Hurbileko Laukotearen (AEB, Errusia, NBE eta EB) ordezkari gisa gonbidatuta dago.
Halaber, Hillay Clinton Estatu idazkaria Abbasekin eta Netanjahurekin batzartuko da bihar. Negoziazioak eta bake-prozesua berriz hasiko dituztela ezagutzera emango dute orduan ofizialki.
"Irmo eutsiko diogu"
Atzo lau israeldar "zentzurik gabe" hil izana gaitzetsi du Obamak, eta batzuek bake-elkarrizketak hautsi nahi dituzten arren, "irmo eutsiko diogu", esan du, The New York Times egunkariak jasotakoaren arabera.
Bestalde, Netanjahuk "Giza Eskubideak zapaldu" dituztenei egotzi dizkie azken hilketak. Ildo horretan, Palestinako Gobernuak Hamasi egotzi dio sarraskia; izan ere, atzo Al Qasam Hamaseko Brigadak hartu zuen erasoa bere gain. Palestinako segurtasun indarrek ehunka pertsona atxilotu ditu, milizianoak direlakoan.