Mundua -
Sahara
Marokok euskal ekintzaile bat eta kataluniar bat kanporatu ditu Aaiunetik
Bi aktibistak Casablancara bidali zituzten hegazkinez, eta haibat orduz izan zituzten atxikita, pasaporterik gabe eta deirik egiten utzi gabe.
Agentziak | Erredakzioa
Andrea Saez de Egilaz euskal aktibistak eta Laura Moreno Torregrosa kataluniarrak Marokok Aaiunetik, Mendebaldeko Sahara, kanporatu dituela salatu dute. Bartzelonara bueltatu dituzte abioiez, arrazoi ofizialik eman gabe.
Saez de Egilazek Europa Pressi azaldu dionez, astelehenean 20:15ean iritsi ziren Aaiungo aireportura, eta oraindik abioian zeudela, bertan gelditu behar zutela adierazi zieten megafoniatik.
Bi aktibistak bertan gelditu ziren, eta hegazkina "Poliziaz bete zen”. Une horretan, pasaporteak eskatu zizkieten, eta Saez de Egilazek adierazi duenez, “saharauiz jantzitako” gizon batek eta emakume batek bertara “saharar herria indartzea” joan zirela esan zien, baita Marokon jarrera horiek debekatuta zeudela ere. “Hegazkin berean Casablancara eraman gintuzten”, adierazi du Saez de Egilazek.
Casablancan, bi aktibistak “pasaporterik gabe atxikita” izan zituzten, “maletarik gabe” eta “telefono deirik egiten utzi gabe”. Ordu batzuk pasata, dokumentazioa bueltatu eta Bartzelonara zihoan hegazkinean sartu zituzten. Marokotik kanporatuak izan zirela esan zieten arren, pasaporteetan ez da horren arrastorik. Ez zieten esan kanporatze hura behin betikoa edo epe baterakoa den, eta, aktibistek salatu dutenaren arabera, poliziek ez zuten euren burua identifikatu.
Andrea Sáez de Egilazek eta Laura Moreno Torregrosak Aaiuneko gobernuz kanpoko erakundeekin biltzeko asmoa zuten, Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen egoera ezagutze aldera.