Mundua -

Urteurrena

Segurtasuna areagotu dute New Yorken I-11ko atentatuen 9. urtemugan

-Koranak erreko zituela iragarri zuen Terry Jones apaizaren webgunea itxi dute.
-Zero gunean meskita bat eraikitzearen aldeko eta kontrako manifestazioak izango dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zero Gunetik gertu meskita bat eraikitzeko asmoak piztu duen polemika dela eta, segurtasuna areagotu dute New Yorken I-11ko atentatuen bederatzigarren urtemugan.

Park 51 proiektuaren aldeko eta aurkako manifestazioek Manhattaneko hegoaldeko kaleak hartuko dituzte.

Horregatik, New Yorkeko Poliziak "agente armada" bat zabalduko du istiluak saihesteko, eta ia 3.000 hildako eragin zituzten atentatuen urtemugako ekitaldien martxa bermatzeko.

Barack Obama AEBetako presidentea Pentagonoan (Washington) antolatutako ekitaldian izango da. Michelle Obama emazteak, Laura Bush lehen dama ohiarekin batera, Shanksvilleko (Pensilvania) ekitaldian parte hartuko du. Hain zuzen, terroristek euren erasoetan erabili nahi izan zuten laugarren hegazkina bertan erori zen.

"Jainkoari izen ezberdinekin deitu arren, nazio bat izaten jarraitzen dugu", azpimarratu du Obamak.

Meskita bat Zero Gunetik gertu eraikitzeko asmoak piztu duen polemikari dagokionez, Obamak gogora ekarri ditu "gizon eta emakume guztiok" ditugun "eskubide besterenezinak", tartean otoi egitearena.

Terry Jones apaizaren webgunea itxi dute

Atentatuen bederatzigarren urtemugan Koranak erre nahi zituen Terry Jones apaizaren webgunea itxi dute Interneten, Rackspace Hosting enpresak jakinarazi duenez.

Asteazken iluntzean bertan behera utzi zituzten Jonesek zuzentzen dituen Dove World Outreach Center elizaren bi webguneak. Enpresaren arabera, "gorroto diskurtsoak" debekatzen dituen kontratuaren klausula urratzen zituen webguneak.

Koranak erretzea iragartzen zuen webguneetako baten domeinuak izen hau zuen: "Islama deabrua da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea