Mundua -
Ozeano Pazifikoa
90 pertsona hil dira Mexikon, ostegunean izandako lurrikararen ondorioz
Azken 100 urteetan izandako sismorik handiena izan da. Oaxaca estatuan 71 lagun hil dira, Chiapasen 15 eta Tabascon lau. Richter eskalan 8,2ko maila izan zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Mexikon 90 pertsona hil dira, joan den ostegunean Richter eskalan 8,2ko maila izan zuen lurrikararen ondorioz. Kalte handienak Oaxaca estatuan eragin ditu, eta hildako gehienak (71) bertan bizi ziren.
"Oaxacan bakarrik 71 lagun hil dira", baieztatu du Jesus Gonzalez Oaxaca estatuko Babes Zibileko bozeramaileak.
Azken 100 urteetan izandako sismorik handiena izanik, Chiapasen (lurrikararen epizentroa) eta Oaxacan larrialdi egoera ezarri du Gobernuak. Izan ere, Chiapasen 15 pertsona hil dira eta Tabascon lau.
AEBko Zerbitzu Geologikoaren (USGS, ingelesez), joan den osteguneko lurrikarak Richter eskalan 8,2ko maila izan zuen.
Mexikoko Sismologia Zerbitzu Nazionalak zabaldutako azken txostenaren arabera, 8,2 mailako lurrikara gertatu zenetik lurrak 846 aldiz egin du dar-dar.
Erakunde horrek txosten berezi bat kaleratu du, larunbat gauean Richter eskalan 2,6 maila izandako beste lurrikara baten berri emanez. Tlalpan hego-ekialdetik hiru bat kilometrora, Mexiko Hirian, izan zuen epizentroa.
"Lurrikara txikia izan arren, dardara Mexiko Hirian nabari izan dute, bereziki epizentrotik gertuen dauden tokietan", azaldu du Mexikoko Sismologia Zerbitzu Nazionalak.
Oraindik ez dute argitu lurrikara horrek joan den ostegunean izandako beste lurrikara handiagoarekin loturarik duen, baina bi kasuetan plaka tektonikoen barruan sortu ziren.