Mundua -
Nazio Batuen Erakundea
2011n elkarrizketak Palestinako Estatu bat ekartzea espero du Obamak
Zisjordanian kolono-gune berriak eraikitzeko debekua luzatzea eskatu dio Israeli AEBetako presidenteak, izan ere, irailaren 29an amaitzen da.
Erredakzioa
"Oraingoan izuaren eta iskanbilaren oztopoa saihesten baldin badugu," 2011n "NBEko kide berri bat izateko akordioa lor dezakegu, Israelekin bakean biziko den Palestinako Estatua", Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan.
NBEko Batzar Nagusiaren aurrean emandako hitzaldian, israeldarrei eta palestinarrei dei egin die Obamak, bake akordio batera heltzeko elkarrizketak aprobetxa ditzaten.
"Alternatiba aintzat hartu behar dugu", adierazi du Obamak. Akordio bat lortu ezean "palestinarrek ez dute Estatu propio baten duintasuna eta harrotasuna ezagutuko".
Bestalde, "bizilagun subirano eta egonkor batek ematen duen segurtasuna ez dute ezagutuko" israeldarrek, ohartarazi du AEBetako presidenteak. "Odol gehiago isuriko da", erantsi du.
Kolono-guneak
Gainera, Zisjordanian kolono-gune berriak eraikitzeko debekua luzatzea eskatu dio Israeli Obamak, izan ere, irailaren 29an amaitzen da. "Debekuak berritasun bat sortu du Ekialde Hurbilean eta negoziaketen atmosfera hobetu du", azaldu du AEBetako presidenteak.
Bake elkarrizketak irailaren 2an hasi ziren Washingtonen eta iragan astean Sharm el Sheijen (Egipto) jarraitu zuten, bi urte etenda izan ostean. Kolono-guneen debekuaren amaierarekin elkarrizketak berriz eteteko arriskua dago.