Mundua -
Ekialde ertaina
Luzamenduaren amaierak bake prozesuaren sendotasuna probatuko du
Netanyahuk "moderazioa" izateko esan die kolonoei. Abbasek, bestalde, "premiazko bilera" bat eskatu du.
Erredakzioa
Judutarren egonlekuetan etxe berririk ez eraikitzeko akordio-luzamenduaren amaierak palestinar eta israeldarren arteko bake prozesua apurtu ez dezan ahaleginetan ari da buru-belarri Ameriketako Estatu Batuetako diplomazia.
Palestinarren Aginteak Arabiar Estatuen Ligako Kanpo arazoetako ministroen premiazko bilera eskatu du, luzapenaren amaierak bake prozesuaren etorkizunean duen eragina aztertzeko.
Gauerdian, aurrikusita dagoen moduan, hartutako lurraldeetan berriro eraikitzen hasten badira zein erantzun eman aztertzeko asmoa dute Mahmud Abbas palestinarren presidenteak eta beste agintari arabiar batzuek. Etxerik ez eraikitzeko akordioa luzatzen ez bada, negoziazioak bertan behera uzteko mehatxua egin du Palestinarren aginteak.
Netanyahuk "moderazioa" eskatu du
Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroak, akordioaren luzapenaren amaiera dela eta gatazkarik ez sortzeko, neurriz jokatzeko eskatu die kolonei.
Gainera, ministroei luzamenduaren inguruko adierazpen publikorik ez egiteko eskatu die, palestinarrak ez probokatzeko. Kolonoen eta eskuineko nazionalisten erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte luzamenduaren amaiera ospatzeko, eta hauei ere neurriz jokatzeko esan die.