Mundua -
KURDISTANGO ERREFERENDUMA
Tentsioa Kurdistanen, erreferendumaren emaitzen zain
Parte-hartze handia izan da, Turkiako eta Irakeko militarren maniobren artean. AEB ez dago erreferendumaren zain, baina adierazi du ez duela Kurdistanekin duen harremana aldatuko.
Agentziak
Hauteslekuak itxi ondoren, independentzia erreferendumaren boto-paperak zenbatzen hasi dira, Iraken menpeko Kurdistango Gobernuaren Hauteskunde eta Erreferendum Batzorde Nagusiak jakitera eman duenez.
Hauteslekuak 19:00etan itxi zituzten (18:00ak Euskal Herrian), NRT telebista kurduak Batzordearen agiri bat aipatuz zabaldutakoaren arabera. Erreferenduma “arrakastatsua” izan dela azaldu zuen Batzordeak. Emaitzak 72 ordu barru argitaratuko dituzte.
Rudaw telebistaren arabera, hauteslekuak itxi baino ordubete lehenago, parte-hartzea % 78koa zen.
Eskualdeetako parte-hartzearen berri ere eman du Rudawk: Arbil (% 84), Kirkuk (% 78,77), Duhok (% 90), Zakho (% 94), Akre (% 94), Soran (% 86), Ninive (% 80), Janaquin (% 92), Yalaula (% 87), Qaratapa (% 62), Yabara (% 76) eta Majmur (% 87,3).
Kurdistango eskualde irakiarrak ere egin zuen erreferenduma, nahiz eta Irak eta Turkia aurka izan.
Soldaduak mugan
Ozman al Ganmi Irakeko Estatu Nagusiko buruak esan du maniobra "zabalak" abiarazi dituela Turkiarekin batera bi herrialdeen arteko mugan, Operazio Bateratuen Komandantziak ohar baten bidez zabaldu zuenez.
Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Kurdistanera Armada bidaltzeko mehatxua egin zuen, "Sirian bezala, estatu terrorista bat, edo gehiago, ez ezartzeko".
AEBko agintariek, bestalde, "Irak batua, federala eta demokratikoa" babesten duela esan dute, eta "aukerak aztertzen" jarraituko dutela, "irakiarrek euren nahiak Konstituzioaren esparruan asetzeko".
Halere, bertatik gaineratu dutenez, "AEBren eta Kurdistan eskualdeko herriaren arteko harreman historikoa ez da aldatuko eraginik gabeko gaurko erreferendumagatik, baina uste dugu urrats horrek ezegonkortasuna eta zailtasunak areagotuko dituela eskualde osoan eta herritarren artean".