Mundua -
San Jose meatzea
Txileko meatzarien erreskatea asteazken gauerdian hasiko da
33 langileak erreskatatzeko egin dituzten prestaketekin pozik agertu da Meatzaritza ministroa, eta meatzariak noiz aterako dituzten iragarri du.
Erredakzioa
Harrapatutako meatzarien erreskatea asteazkenean, 00:00etan (03:00 GMT) hasiko dela iragarri du gaur Laurence Golborne Txileko Meatzaritza ministroak.
33 langileak erreskatatzeko egin dituzten prestaketekin pozik agertu da ministroa, eta meatzariak noiz aterako dituzten iragarri du. Langileak abuzturen 5az geroztik harrapaturik daude 700 metroko sakoneran, San Jose meatzean, Atacamako eskualdean.
''Fenix 1'' kapsularekin "proba errealista" bat egin dutela azaldu du Golbornek. Meatzariak kapsula horrekin aterako dituzte eta 610 metroko sakoneraraino sartu dute. Maniobra hori filmatu dute.
"Emaitzak oso positiboak izan dira, kapsula oso ondo dabil hodi barruan eta ondo moldatu da estaldurarekin. Estaldurarik gabe, ez dago mugimendurik, ezta kulunkarik ere, hodiaren barruan ez da hautsik erortzen", azpimarratu du Golbornek.
Hodiaren estaldura
Hodia altzairuzko tutuekin estali dute, baina hasiera batean lehen 96 metroak estaltzea aurrikusita bazegoen, azkenean aurreneko 56 metroak baino ez dituzte estali, ministroak azaldu ez dituen arazo batzuengatik.
Kapsula igotzeko eta jaisteko Austriatik ekarritako sistema bat ezartzen ari dira orain, Golbornek adierazi duenez.
Erreskatea hasten denean, kapsularen lehen bidaiariak lau sorosle, bi meatzari eta bi erizain izango dira. Meatzarien irteera laguntzeko sartuko dira meategian, Jaime Mañalich Osasun ministroak azaldu duenez.