Mundua -

Dena prest

Txilek aurreratu egingo du 33 meatzarien erreskatea

Meatzaritza ministroak azaldu duenez, "gaur bertan" harrapatutako meatzarietako bat ateratzea espero dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txile iparraldeko meatze batean harrapatuta dauden 33 meatzarietako bat gutxienez gaur bertan atera litekeela iragarri du Laurence Golborne Meatzaritza ministroak.

"Gaurko egunean gutxienez meatzari bat kanpora ateratzea espero dugu. Jarri dugun helburuetako bat da eta lortzeko lanean dihardugu", adierazi dio prentsari Txileko ministroak. Era berean, erreskatea gaurko "azken orduetan" hasiko dela baieztatu du, baina ordurik ez du zehaztu.

San Jose meatzean 33 meatzari harrapatuta geratu zirela 69 egun bete direnean, erreskate taldeak ebakuazioa prestatzeko lanetan ari dira etengabe. Fenix kapsularen komunikazio, jaitsiera eta igoera sistemen frogak arrakastatsuak badira, erreskatea Txileko 18:00etan (Euskal Herriko 23:00etan) has liteke.

Meatzaritza ministroak azpimarratu du ez dutela "lehenengo aterako direnen izenak" esango, izan ere, "erreskatea egingo dutenek erabakiko dute azkeneko momentuan".

Hodiaren estaldura

Hodia altzairuzko tutuekin estali dute, baina hasiera batean lehen 96 metroak estaltzea aurrikusita bazegoen, azkenean aurreneko 56 metroak baino ez dituzte estali, ministroak azaldu ez dituen arazo batzuengatik.

Erreskatea hasten denean, kapsularen lehen bidaiariak lau sorosle, bi meatzari eta bi erizain izango dira. Meatzarien irteera laguntzeko sartuko dira meategian, Jaime Mañalich Osasun ministroak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea