Mundua -
Atzerri ministroen bilera
Europak Kubari 'seinale bat' eman behar diola uste du Jimenezek
Atzerri ministroak esan du Europar Batasunak eta Kubak harreman berria izan behar dutela, Castrok abiatutako erreformak indartzeko.
Erredakzioa
Trinidad Jimenez Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak adierazi du Europar Batasunak "harreman berria" izateko prest dagoen "seinalea" eman behar diola Kubari, Raul Castro presidenteak hasitako erreforma prozesua errotzeko.
Nolanahi ere, ministroak gaineratu du ez dagoela "mugimendu formalik" EBk 1996an adostutako jarrera bateratua aldatzeko. Akordio horrek ezarri zuen Giza Eskubideen errespetuaren araberakoa izango dela Europaren eta Kubaren arteko harremana.
Jimenezek Europar Batasuneko Atzerri ministroen bilera hasi baino lehen egin ditu adierazpenok. Besteak beste, Kubako egoera hartuko dute hizpide.
Espainiaren diplomaziako buru berriak gogorarazi du Gobernuak luze daramala Kubarekiko harremana aldatzeko saiakerak egiten. Izan ere, Habanak "aurrerapenak" egin dituela iritzi dio, eta 42 preso askatu izana eta irekiera ekonomikorako bidean "urrats batzuk" egin izana jarri du horren adibide.
"Harreman berri hori nola ezarri aztertzen ari gara, baina hala egitea beharrezkoa dela uste dut, batez ere erreforma prozesua errotzeko laguntza eman nahi badugu", esan du.