Mundua -

Hauteskundeen ostean

Errepublikanoen babesa bereganatzeko ofentsiba hasi du Obamak

Bere agintaldiko bigarren zatian errepublikanoekin hitz egingo duela agindu du AEBetako presidenteak. Alderdietako buruzagiekin azaroaren 18an bilduko dela iragarri du agintariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legegintzarako hauteskundeetan errepublikanoek garaipena lortu eta gero, Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak bere estrategia politikoa zehaztu beharko du. Horregatik, errepublikanoen babesa bereganatzeko ofentsiba hasi du presidenteak, eta azaroaren 18an bilera deitu du.

Bere agintaldiko bigarren zatian errepublikanoekin hitz egingo duela agindu du Obamak, asteartean hautesleek Ordezkarien Ganberako kontrola alderdi horren eskuetan utzi ostean. Era berean, errepublikanoek Senatuan eserleku berriak lortu zituzten.

Eman beharreko hurrengo pausoak zehazteko AEBetako presidentea bere Kabinetearekin bildu da gaur Etxe Zurian.

Goi-bilera

Bileraren ostean, Kongresuko alderdietako buruzagiekin azaroaren 18an bilduko dela iragarri du Obamak. Bestak beste, Nancy Pelosi kargua uzten duen Ganberako presidentea, Steny Hoyer Ganberako gehiengo demokrataren presidentea eta Harry Reid Senatuko gehiengo demokrataren buruzagia gonbidatu ditu agintariak.

Errepublikanoen aldetik, John Boehner Ganberako presidente berria eta Mitch McConnell Senatuko gutxiengo errepublikanoaren buruzagia gonbidatu ditu Obamak, baita Eric Cantor Ganberako presidenteorde berria ere.

Lan-bilera afari "sozial" batekin amaituko dute, Robert Gibbs Etxe Zuriko bozermaileak aurreratu duenez. Bilera-sorta izatea espero dutela azaldu du bozeramaileak.

Gainera, Obamak herrialdeko gobernadoreak deitu ditu abenduaren 2rako, gehienak errepublikanoak direlarik. AEBetako presidenteak Asiatik bira hasiko du bihar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea