Mundua -

Mendebaldeko Sahara

Fronte Polisarioak 'gerra zibila' gertu dagoela adierazi du

Fronte Polisarioak dio 19 direla hildako sahararrak eta kaleetan zehar "lepoa moztutako edo tirokatutako hilotzak" daudela, "batzuk haurrenak" gainera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fronte Polisarioak salatu du dagoeneko 19 direla Aaiungo gatazkan hildako sahararrak eta Mendebaldeko Saharako hiriburuko kaleetan "izua" dela nagusi, Polizia marokoarrak kaleetan zehar hilotzak uzten dituztelako herritarrak beldurtzeko asmoarekin.

Abidin Bucharaya Fronte Polisarioko ordezkaria Andaluzian ohartarazi duenez, Marokoko kolonoak Mendebaldeko Saharako hiritarren aurkako "gatazkan" partehartzera bultzatzen ari da Marokoko Gobernua. Hori dela eta, bere iritziz, "datozen orduetan" marokoarren eta sahararren arteko "gerra zibila" hasi daiteke.

Mohamed Uld Salek Atzerri ministro sahararrak esan du auzo batzuetan "lepoa moztutako edo tirokatutako hilotzak" ageri direla, "batzuk haurrenak".

Gobernuak ukatu egin du erasoaren berri zuela

Ramon Jauregi Presidentzia ministroak esan du Espainiak "inoiz" ez zuela jakin Marokok Gdaim Izik-eko sahararren protesta-kanpalekua indarrez husteko asmoa zuela. Gainera, Aaiuneko gertakariak "behar den bezala ikertzeko" prozesua abiatzea "lortu" dutela azpimarratu du.

"Albistea faltsua da. Gobernuak inoiz ez du informaziorik izan horren harira, eta horrela, gai hau itxi egin nahi dut", adierazi du Jauregik.

Ministroak berretsi du Gobernuak "kezka handiarekin bizi" duela kanpalekuan gertatutakoa, eta "Aaiungo egoera normaltasunera eramateko" deia egin du.

Polisarioa: "Espainak sutara ura bota besterik ez du egin"

Amhed Bujari Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak atsekabea agertu du Espainiako Gobernuak "Marokok piztutako suari ura bota besterik ez" duelako egin.

Sahararren ordezkariaren arabera, Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak "Marokok egindakoa ''oso larri''tzat" jo zuen, baina Espainiako diplomaziak ez du horrelakorik egin, "Marokok sahararren kontra piztutako suari ura bota besterik ez du egin".

Era berean, Marokorekin AEBetan egiten ari diren negoziaketa mahaitik altxatzear egon zirela aitortu du, baina "bakerako ikuspegia irekita" mantentzearen alde egin omen dute.

Abenduan eta urtarrilean bilduko dira

Fronte Polisarioak eta Marokok negoziazio prozesuarekin jarraitzean erabaki dute tentsioa handia den arren. Izan ere, abenduan eta urtarrilean berriro biltzea adostu dute.

Egoera

Bien bitartean, Aaiunen tentsio giroak bere horretan dirau. Fronte Polisarioak jakinarazi duenez, hildako beste zortzi saharar aurkitu dituzte; tartean zazpi urteko haurra. Tiroka, autoak harrapatuta eta lepoa moztuta hil dituzte pertsona helduak. Haurraren kasuan, berriz, ez dago argi zer gertatu den, baina Fronte Polisarioaren arabera, soldadu marokoarrak sahararren etxeetan sartu dira indarrez eta bertan zeudenak jipoitu dituzte. Datu horiek egiaztatzen badira, 19 dira dagoeneko enfrentamenduetan hildako zibilak.

Fronte Polisarioak gaineratu du atxilotutako sahararrak 50 baino gehiago direla dagoeneko eta gerra arriskua inoiz baino handiagoa dela.

Marokok, bere aldetik, asteleheneko istiluetan zortzi polizia hil zirela dio.

Marokok salbuespen egoera ezarri duela diote, eta komunikazioak eten egin dituela. Herrialdean gertatzen ari dena egiaztatzea ezinezkoa da kanpoko kazetariei sarrera ukatu dietelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea