Mundua -
Gaza
Gatazka sortzeko beldurra areagotu da Israel eta Gazako mugan, azken istiluengatik
Bi gazte palestinar hil direla baieztatu dute, larunbatean lau soldadu israeldar zauritu zituen leherketa bati erantzuteko Israelgo armadak egindako erasoan.
Agentziak | Erredakzioa
Asteburu honetan tentsioa areagotu egin da Israel eta Gazako zerrendaren arteko mugan, eta beste gatazka bat abiatzeko beldurra ugaritu egin da eremu horretan. Larunbatean konboi baten pasaeran izandako leherketak lau soldadu israeldar zauritu zituen. Antza denez, Palestinako bandera bat kentzera zihoan konboia.
Israelgo armadak Hamaseko 18 helburu erasotu dituztela baieztatu du gaur, atzo arratsaldeko ekintzen aurka egiteko. Tankeetatik tiro eginez eta airetik bondardatuz erantzun dute, hain zuzen. Horren ondorioz, bi gazte palestinar hil dira, Rafah hiriko Al Salam auzoko 17 urteko bi gazte: Salem Mohamed Sabah eta Abdullah Ayman Abu Sheija.
Tentsioa areagotzen ari da
Batetik, Gazan tentsioa areagotzen ari dela dioten alertak etengabeak dira; bestetik, berriz, egoera humanitarioa larriagotzen ari da eremu horretan. Hori ikusita, hainbat adituk eta Israelgo armadak Israel eta Hamasen artean beste gatazka armatu bat sor litekeela ohartarazi dute.
Oraingoz, inork ez du bere gain hartu mugan izandako leherketa, baina Israelen aburuz, Hamasek du Gazako zerrendatik egindako eraso guztien ardura.
Hamasek, ordea, Israelen okupazioari leporatu dio lurraldeak bizi duen egoeraren ardura, Hazem Qasim mugimenduko bozeramaileak adierazi duenez.