Mundua -
Jazarpena Mendebaldeko Saharan
Aaiunen ezkutatuta dauden ekintzaileek 'genozidioa' salatu dute
Bestalde, kanpamentua husteko orduan bere agenteek Saheleko hegoaldean erabiltzen diren indarkeria metodoei aurre egin behar izan zietela salatu du Marokok.
Erredakzioa
Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) ezkutatuta dauden ekintzaileek, Isabel Terraza espainiarrak eta Antonio Velazquez mexikarrak, salatu dute Maroko "genozidioa" egiten ari dela Saharan eta, beraz, berehala esku-hartzeko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeari (NBE).
Hedabideei igorritako eta YouTuben igotako bideo batean, ekintzaileek eskaera zehatza gehiago egin dituzte: Segurtasun Kontseiluak sahararren oinarrizko eskubideak errespetatzea, Gurutze Gorria premia handiz Aaiunen sartu ahal izatea eta nazioarteak zibilen aurkako erasoak gaitzestea.
"Hau nazioarteko larrialdia da eta beharrezkoa da nazioarteko erakunde guztiek sarraski hau geldiaraztea", adierazi dute.
Bideoa bi minutukoa da eta atzo grabatu zuten. Horretan, Terrazak gogorarazi du Marokoko segurtasun indarrak "jazarpen bortitza" egiten ari direla "saharar zibilen aurka" hilaren 8an Agdaym Izik kanpamendua indarrez desegin zutenetik.
Halaber, "basatikeriak ezkutatzeko asmoz", "Marokoko erregimen okupatzaileak" hedabideei Aiaunen sartzea galarazten ari direla esan dute. "Mundu osoari gure testigantzak eman nahi dizkiogulako hil nahi gaituzte", nabarmendu dute.
"Egun batzuk daramatzagu Aaiunen ezkutatuta, baina gu bezala, edo egoera txarragoan, milaka saharar daude. Marokoko poliziak eta militarrak haien etxeetan sartzen ari dira, barrukoak torturatzen dituzte, eta asko hiltzen ari dira tortura horien ondorioz", azaldu du espainiarrak.
Talde antolatuak sahararrak ''ehizatzeko''
Bideoa igorri eta gero Onda Cero irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Antonio Velazquezek ziurtatu du kolono marokoarrek osatutako eta Poliziak zuzendutako taldeak hiriburua arakatzen ari direla, sahararren bika.
Ekintzaike mexikarraren esaneta, Aaiunen etxeratzeko agindua dago atzoko 21:00etatik, eta ondorioz sahararrak "ezkutatuta" daudela, atxilotutakoak polizia-etxe moduan erabilitako bigarren hezkuntzako insitutuetara eramaten baitituzte.
Marokoren erantzuna
Bestalde, kanpamentua husteko orduan bere agenteek Saheleko hegoaldean erabiltzen diren indarkeria metodoei (Magrebeko Al Kaidak erabilitakoak) aurre egin behar izan zietela salatu dute Taieb Cherqaoui eta Taib Fassi Fihri Marokoko Barne eta Atzerri ministroek, hurrenez hurren. Era berean, segurtasun indarren erasoa defendatu dute Marokoko agintariek berriro.
Prentsaurrekoan, NBEko negoziaketan "distrazio estrategia bat" erabiltzea leporatu die Fronte Polisarioari eta Aljeriari Fassi Fihrik. Aaiuneko azken gertakariak estrategia horren barruan kokatu ditu ministroak, MAP albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez. Hala ere, Rabatek elkarrizketarekin duen konpromisoa mantentzen duela azaldu du Fassi Fihrik, ondorioz, "ez da" negoziazioko oztopoen erantzule.
Gdem Izikeko kanpamentua husteko liskarrek "negoziaketa klima gaiztotu" nahi dutela argi uzten dute, Atzerri ministroaren hitzetan. Segurtasun indarren erasoaren "izaera baketsu saihestezina" defendatu du agintariak.
Espainiako sahararraren heriotzaren ikerketa
Bestalde, Baby Hamday Buyema Espainiako herritartasuna zuen sahararraren heriotza ikertzearen alde agertu da Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza. Buyema Aaiuneko kanpamentuan izandako protestetan hil zen iragan astean.
Hildakoak bi nazionalitate izateak duen garrantzia goraipatu dute Fiskaltzako iturriek. Era berean, Auzitegi Nazionalak atzerrian espainiarren aurka egindako delituak ikertzeko eskumena duela gogorarazi dute.
Giza Eskubideen Aldeko Espainiako Liga gobernuz kanpoko erakundeak Marokoko agintariak salatuko ditu astearte honetan, Auzitegi Nazionalaren aurrean, istiluengatik eta Hamday Buyemaren heriotzarengatik.