Mundua -
Aaiun
Kanpamentua milizien eskuetatik 'askatu' zuela esan du Marokok
Bestalde, "datuen baieztapenik gabe, Gobernu arduratsu batek ez du espekulatu behar", adierazi du Trinidad Jimenez Atzerri ministroak. Horregatik, txosten ofizialen zain egotea gomendatu du.
Erredakzioa
Aaiunetik gertu zegoen kanpamentua "milizia armatuen" kontrolpean zegoela salatu du gaur Taieb Cherkaoui Marokoko Barne ministroak. Gainera, milizia horiek indarkeria eta sabotaje ekintzak egiteko "trebakuntza espezializatua" zuten, Marokoren esanetan. Ministroaren ahotan, talde horien prestakuntzak Al Kaidaren eta Saharako zein Saheleko beste talde terroristen antza du.
Maroko "subiranoa" eta "demokratikoa" dela defendatu du Cherkaouik astearte honetan, kanpamentua desegin izana justifikatzeko. Zentzu horretan, Espainiako kazetariak herrialdean sartzen utzi ez dituela justifikatzeko argudio berdina erabili du Marokoko agintariak.
"Maroko subiranoa da beste estatu batzuk bezalaxe, eta bere lurraldean pertsonak onartzeko eskubidea du", azaldu du Cherkaouik prentsaurrekoan, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroarekin bildu ostean.
Gainera, Baby Hamday Buyema espainiarra "istripu batean" harrapatuta hil zela azaldu du Cherkaouik. Herritar "errugabeak erreskatatzeko" orduan Marokoko indarrek jasotako "eraso basatia" salatu du agintariak, izan ere, milizia armatuek kanpamentuaren kontrola zuten.
Espainiako prentsaren aurka egin du berriro Cherkaouik, eta Maroko iraintzeko gertakariak "desitxuratzea" leporatu die.
Segurtasun indarren esku-hartzea "baketsua" izan zela errepikatu du ministroak. "Tirorik izan ez" zela gaineratu du. "Genozidiorik ez da izan, ezta gizateriaren aurkako krimenik ere", azaldu du Cherkaouik.
Gobernua
Gaurko bileran, Espainiako Gobernuaren, alderdi politikoen eta Espainiako herritarren "kezka larria" adierazi dio Rubalcabak Cherkauiri.
Espainiako Gobernuak Aaiungo egoeraren inguruan zerbait ikertzea eskatzen badu, ikertu egingo dutela agindu dio Marokoko agintariak Rubalcabari.
Bestalde, informazio gehiago izan arte Aaiuneko kanpamentuan gertatutakoaz Gobernuak adierazpenik egingo ez duela azaldu du gaur Trinidad Jimenez Atzerri ministroak, frogarik gabe Marokoren ekintza gaitzesteak "ondorioak izango lituzkeelako".
"Datuen baieztapenik gabe, Gobernu arduratsu batek ez du espekulatu behar", adierazi du Jimenezek Senatuan. Horregatik, biktimen kopurua ezagutzeko eta gertatutakoa argitzeko txosten ofizialak itxarotea gomendatu du ministroak.
"Gertakariak ondorioak dituzte, baina daturik gabe eta arinkeriaz egindako adierazpenek ere", ohartarazi du Jimenezek. Hala ere, Atzerri ministroak gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abian jartzea eskatu dio berriro Marokori, eta baita prentsak Aaiunetik informatu ahal izatea ere.
Gertakarien aurrean, Exekutiboak izan duen "zuhurtzia hoberena da lehen momentutik", erantsi du agintariak.
Espainiak Saharan "erantzukizun historiko" bat duela onartu du ministroak, baina Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko negoziaketan parte denik ukatzen du NBEk. Aljeriak eta Mauritaniak, ostera, negoziazio horretan zeresana dutela gogorarazi du Jimenezek.
NBE
Gdeim Izik kanpamentuan, iragan astean, izandako indarkeria deitoratu du Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak.
"Aaiunen eta Gdeim Izik kanpamentuan izandako indarkeria deitoratzen dute Kontseiluko kideek, eta hildako lagunengatik eta zaurituengatik dolua adierazten dute", esan du Mark Lyall Grant (Britainia Handiko enbaxadorea) organoko txandakako presidenteak.