Mundua -

Gatazka, Mendebaldeko Saharan

Saharako Gobernuak kasko urdinen laguntza eskatu dio NBEri

Zibilen kontrako "eraso basatiak justifikatzeko propaganda zikina" egitea leporatu dio Rabateko Gobernuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Salem Ould-Salek Saharako Errepublikako Atzerri Gaietarako ministroak kasko urdin gehiagoren laguntza eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari giza-eskubideak defendatzeko eta "odol isuria" gelditzeko.

Agiri batean, Fronte Polisarioaren kideak zibilen kontrako "eraso basatiak justifikatzeko propaganda zikina" egitea leporatu dio Rabateko Gobernuari.

"Kazetariei eta nazioarteko ikuskariei sartzea galarazi eta krimena egin ondoren, orain euren ''egia'' erakutsi nahi dute zibil sahararrak kriminal hiltzaile eta haien indar zapaltzaileak biktima bihurtuz", Ould-Salek arabera.

Bestalde, herrialde sahararraren aldeko elkarteek bideo gehiago zabaldu dituzte Interneten Aaiunen gertatzen ari denari buruz. Horietako batean gazte sahararrak agertzen dira harriak botatzen, eta gizon batek fusil bat erabiltzen du horiek uxatzeko.

Fronte Polisarioko ordezkaria Espainian gaur azaldu duenez, Marokok bost hildakoren gorpuak eman dizkie beren familiei Aaiungo sarraskiaren ostean; gainera, beste 36 gorpu eta ehunka desagertu daudela salatu du Senatuan. Madrilgo Senatuan oposizioko talde guztiek gaitzespen agiria adostu dute Marokok herri sahararren kontra duen jarrera salatuz.

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Odon Elorza Donostiako alkateak Espainiako Gobernuari (PSOE) eskatu diote Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) gertaturikoa gaitzesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea