Mundua -
Goi-bilera Lisboan
Munduko edozein tokitan ekiteko estrategia onartu du NATOk
Europako biztanleria eta lurraldea babesteko misilen aurkako "ezkutu" bat garatzea onartu dute Estatu kideek, eta horretarako Errusiaren lankidetza eskatu dute.
Erredakzioa
Herrialde kideek mehatxua duten munduko edozein lekutan ekiteko "kontzeptu estrategiko" berria onartu du gaur NATOk, Estatu kideen muga geografikoetatik at, Anders Fogh Rasmussen erakundeko idazkari nagusiak iragarri duenez.
"Mundua aldatzen ari da, mehatxu eta erronka berriei aurre egin behar diegu, eta NATO gure bakea eta arrakasta eraginkortasunez defendatzen jarraitzea bermatuko du kontzeptu estrategiko berri honek", adierazi du Rasmussenek prentsaurrekoan, estatuburuek eta gobernuburuek egindako lehen bileraren ostean, Lisboan.
NATOk kanpoko eraso baten aurrean elkarren arteko defentsa tradizionala utziko duenik ez du esan nahi horrek, Rasmussenek azaldu duenez. Arrisku berrien aurrean ekiteko eskumena ematen dio erakundeari estrategia berriak.
Era berean, NATOk disuasio nuklearraren oinarria mantenduko duela baieztatu du idazkari nagusiak, arma mota hau munduan existitzen den bitartean behintzat.
NATO Sobietar Batasunari eta Varsoviako Itunari aurre egiteko duela 60 urte sortu zuten. Egitasmo berri horrek erakundea "eraginkorrago eta konprometituago" egin nahi du, egungo mundura moldatuz.
Misilen aurkako ezkutua
Bestalde, Europako biztanleria eta lurraldea babesteko misilen aurkako "ezkutu" bat garatzea onartu dute Estatu kideek, eta horretarako Errusiaren lankidetza eskatu dute.
Beste herrialde eta nazioarteko beste erakunde batzuekin lankidetza areagotzeko helburua du NATOk. Horretarako departamentu zibil bat sortuko du.