Mundua -
Erresuma Batua
Erresuma Batuari babesa eman eta Errusiari Novichok programa argitzea eskatu dio EBk
Europar Batasuneko ministroek garbi utzi dute 'oso serio' hartu dutela Londresko Gobernuak Errusia arduraduna dela dioen ebaluazioa.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batasuneko (EB) ministroek "irmo" salatu dute Sergei Skripal espioi ohiari eta haren alabari nerbio-gasa erabilita Salisbury herrian martxoaren 4ean egindako erasoa. Halaber, Novichok gasaren programa "berehala" argitu dezan eskatu diote Errusiari. Izan ere, nabarmendu dutenez, "oso serio" hartzen dute Londresko Gobernuak Errusia arduraduna dela dioen ebaluazioa.
"Legez kanpoko jarduera horrek mehatxupean jarri du herritar askoren bizitza. EBk oso serio hartu du Londresko Gobernuak Errusia arduraduna dela dioen ebaluazioa", adierazi dute 28 herrialdeek adostutako adierazpen batean. Dokumentu horretan, "irmo" salatu dute nerbio-gasa erabilita joan den martxoaren 4ean egindako erasoa. Polizia bat ere larri zauritu zen.
Hala, 28 ministroek Erresuma Batuak eta nazioarteak eskatutako gaiak "lehenbailehen" argitzea eskatu diote Errusiari. Era berean, Novichok gasaren programa "berehala, erabat eta osorik" Arma Kimikoak Debekatzeko Antolakuntzari (OPAQ) hedatzea exijitu diote. Bestalde, Erresuma Batuak Europako Batasunarekin erasoa argitzeko "estuki" lan egiteko konpromisoa goraipatu du.
"Erresuma Batuari baldintzarik gabeko elkartasuna eta babesa" ere erakutsi diote testuan. "Krimenaren arduradunak justiziaren aurrera eramateko britainiarrak egiten ari diren ahalegina" ere berretsi dute, gaia "gertutik" jarraituko dutela zehazteaz gain.