Mundua -
Alemania
2 lagun hil dituzte eta 20 zauritu Munsterren, furgoneta batekin harrapatuta
Zaurituetako 6 oso larri daude. Hasiera batean atentatu terrorista izan dela zabaldu den arren, Alemaniako egunkari batek egilea arazo psikologikoak zituen alemaniar bat dela zabaldu du orain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat lagun hil dira larunbat honetan Munster Alemaniako hirian (310.000 biztanleko hiria, Renanian) izandako auto-harrapaketa masibo batean.
Munster hiriko Poliziak baieztatu duenez, gutxienez 2 pertsona hil dituzte eta 20 zauritu, furgoneta batekin harrapatuta. Zauritu horietatik 6 egoera kritikoan daude, gainera.
Harrapaketa egin duen furgonetako gidariak bere buruaz beste egin du tiro batez.
Poliziaren arabera, erasotzaileak furgoneta bat erabili du Kiepenkrl jatetxearen inguruan zebilen jendea harrapatzeko. Inguru horretan bertako zein turista ugari ibiltzen da eta gaur, eguraldi ona lagun, jendetza zebilen.
Egilearen inguruko zalantzak
Hasiera batean atentatu terrorista izan zitekeela zabaldu bada ere, ez dute baieztatu ofizialki. Andreas Bode, Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, lekukoek esan dute bi pertsonak ihes egin dutela furgonetatik harrapaketaren ondoren, baina hori ez dagoela baieztatuta ohartarazi du.
Herbert Reul Westfalia Iparraldeko Renania estatu federatuko Barne ministroaren esanetan, "ez dago oraingoz zantzurik" gertatutakoa atentatu islamista izan dela baieztatzeko.
"Süddeutsche Zeitung" egunkariaren edizio digitalak, berriz, Munsterren izandako harrapaketaren arduraduna arazo psikologikoak zituen alemaniar bat zela zabaldu du, eta egunkari horren arabera, Polizia haren etxea miatzen ari da, lehergaien bila. "Ez dago probarik terrorismoarekin loturarik zuenik esateko. Harrapaketaren egilea Jens R. litzateke, 1969an jaiotakoa, eta 2014ean nahiz 2016ean arazo psikiatrikoak izan zituena" idatzi dute webean.
Hain zuzen ere, Munsterreko Poliziak jakitera eman du erasoan erabilitako furgonetaren barruan pakete susmagarri bat aurkitu dutela eta lehergailurik ote duen barruan aztertzen ari direla, jada itxita duten zonaldearen inguruak ere hustu behar ote dituzten erabakitzeko.
Zonaldea itxita dute eta Alemaniako Poliziak mezua zabaldu du Twitter bidez, herritarrei eta turistei bertara ez hurbiltzeko eskatuz.
Munsterreko Klinika Unibertsitarioak odola emateko deia egin die herritarrei sare sozialen bidez, zaurituei laguntzeko.
Modu antzekoan egindako beste eraso batzuk
2017ko abuztuak 17: Gutxienez 13 hildako eta 100 zauritu, Bartzelonan izandako atentatuan
2017ko ekainak 19: Eraso terrorista Londresen komunitate musulmanaren aurka
2017ko apirilak 7: Lau pertsona hil dituzte Stockholmen, atentatu batean
2016ko abenduak 20: 12 pertsona hil eta 50 zauritu dira Berlinen, atentatu batean
2016ko uztailak 14: 84 hildako Nizan, atentatu batean