Mundua -
Atzerri Gaietarako Kontseilua
EBk babestu egin du aliatuek Sirian arma kimikoen kontra egindako erasoa
EBko Atzerri Gaietarako Ministro Kontseiluak astelehen honetan "erabat" gaitzetsi du Siriako Erregimenak "behin baino gehiagotan" arma kimikoak erabili izana, "Duma hirian egindako azkena" tartean.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako Ministro Kontseiluak astelehen honetan "erabat" gaitzetsi du Siriako Erregimenak "behin baino gehiagotan" arma kimikoak erabili izana, horien artean, "Duma hirian egindako azkena, Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa eta giza errespetu falta bat delako".
Hori horrela, AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak Siriako arma kimikoen instalazioen kontra egindako "aire-erasoak ulertu" egiten dituela esan du Kontseiluak, "Siriako Erregimenak bere herriaren aurka arma kimikoak ez erabiltzeko neurri zehatzak" direlako.
"Arma kimikoen erabilera saihesteko ahalegin guztiak babesten ditu Kontseiluak", esan dute gaur, aliatuek Siriaren kontra egindako azken erasoen inguruan aurkeztutako ondorioen txostenean.
Larunbatean, AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak Damaskoko hiru instalazio militar bonbardatu zituzten, apirilaren 7an Duman arma kimikoen bidez egindako erasoari erantzuteko.
EBko Atzerri ministroen bilera, Luxenburgon. EFE.
Nolanahi ere, EBk gatazkari irtenbide politikoa bilatzeko negoziazioak indartzearen alde apustu egin du.
EBko Atzerri ministroek berretsi dutenez, "Siriako gatazkak ez du irtenbide militarra izan behar, baina Siriako erregimenak (Errusia eta Iran babestuta) kontrakoa egin du eta eraso militarrak areagotu ditu hildako zibilak kontuan izan barik".
Era berean, Ekialdeko Ghutan "Errusia babestuta" Damaskok egindako erasoak deitoratu dituzte.