Mundua -
Eraso kimikoa, Ghoutan
Gaur ez dira ikuskariak Duman sartuko, NBEren arabera
OPAQeko adituak aurreko asteburuan heldu ziren Damaskora, ustez arma kimikoekin egindako erasoa aztertzeko, baina oraindik ezin izan dira sartu.
agentziak | erredakzioa
Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeko (OPAQ) ikuskariak ez dira gaur, asteazkena, Duman (Ekialdeko Ghouta) sartuko, hain zuzen, apirilaren 7an ustez izandako eraso kimikoa izan zen lekuan, NBEko kide batek Reutersi adierazi dioenez.
Talde bat asteartean heldu zen Dumara, baina horien artean ez zeuden OPAQeko adituak, NBEren kide horrek azaldu duenaren arabera. OPAQeko adituak aurreko asteburuan heldu ziren Damaskora, ustez arma kimikoekin egindako erasoa aztertzeko, baina oraindik ezin izan dira sartu. Estatu Batuek esan dute beldur direla Baxar al-Assadek ez ote dituen eraso kimikoaren frogak suntsitu.
Asteartean, Baxar Jaafari Siriak NBEren duen enbaxadoreak ziurtatu duenez, Nazio Batuen Erakundeko segurtasun talde bat Duman sartu zela egun horretan, OPAQen ikuskarien bisitaren aurretik eta, segurtasun baldintzak betez gero, erasoa izan zen lekuraino helduko zela.
AEBk eta Mendebaldeko beste herrialde batzuek Siriako erregimenari egotzi diote Duman eraso kimikoa egin izana. Errusiak zein Damaskok, horren ildotik, akusazioa ukatu eta "muntaia" izan zela ziurtatu zuten.