Mundua -
Hegazkin istripua
111 dira jada Habanako hegazkin-istripuan hildakoak
Istripuan hildako 40 pertsona identifikatu dituzte; denak, kubatarrak. Bestalde, Mexikoko agintariek bertan behera utzi dituzte aldi baterako Global Air aire-konpainiaren operazioak.
Agentziak | Erredakzioa
111 dira jada ostiralean Habanan izandako hegazkin-istripuan hildakoak. Holguin eskualdea jomuga zuen hegaldian 113 pertsona zihoazen. Hildakoetako 99 kubatarrak dira eta beste hamaika hainbat herrialdetakoak ziren.
Istriputik bizirik atera zen hiru bidaiarietako bat hil da azken orduotan. 23 urteko emakume bat da, eta Habanako General Calixto ospitalean hil da, hegazkin istripuan zauri larriak egin ondoren.
Ospitalean, 19 eta 39 urteko bi emakume jarraitzen dute, larri zaurituta; 39 urtekoak erredura larriak ditu gorputzeko % 41ean.
Aeronautikako hainbat profesional hegazkin horren egoeraz kexatu ziren istripua izan aurretik.
Hegazkina Damojh edo Global Air bezala ezaguna den konpainia mexikarrarena da, baina Cubana de Aviación aire-konpainiak orain hilabete batzuk alokatu zuen.
Damojhek agiri batean jakinarazi duenez, Mexikoko zein Kubako enbaxadoreekin bildu da hildakoak identifikatzeko lanetan laguntzeko, eta, besteak beste, hildakoen gorpuak senideei bidali eta hileta-zerbitzuak ordaintzen lagunduko du.
Identifikazio lanekin jarraitzeaz gain, hegaldiaren eta hegazkinaren datuak jaso zituen bigarren kutxa beltzaren bila dabiltza, lehen kutxa beltza (kabinako soinuak jaso zituenak) istripua izan zen egunean bertan aurkitu baitzuten.
DMJ-972 hegaldia Habanako aireportutik aireratu, eta kilometro batera erori zen, laborantza eremu batean.
Mexikoko agintariek bertan behera utzi dute aldi baterako Global Air aire-konpainiaren operazioak, gertatutakoa argitu arte.
Habanan, berriz, biktimen gorpuak identifikatzen jarraitzen dute, eta hildakoen senide eta lagunei medikuen eta psikologoen laguntza ematen.
Orain arte, istripuan hildako 40 pertsona identifikatu dituzte; denak, kubatarrak. Gorpuak identifikatzeko lanek, baina, hilabete baino gehiago iraungo dute, aurreikuspenen arabera.
Bestalde, istripuan hildako atzerriko lagunak oraindik ez dituzte identifikatu; horien artean, zazpi mexikar, bi argentinar eta Saharako bi pertsona (bietako batek espainiar pasaportea zuen).