Mundua -

Kuba

Habanako hegazkin istriputik bizirik atera zen emakumeetako bat hil egin da

40 urteko Emiley Sanchez kubatarra goizaldean hil da. Honenbestez, ezbeharreko hildakoak 112 dira. 19 urteko Maylen Diaz gazte kubatarra bizirik dirauen bakarra da orain.

Habanako (Kuba) Calixto Garcia ospitalea. Argazkia: EFE
Habanako (Kuba) Calixto Garcia ospitalea. Argazkia: EFE
Habanako (Kuba) Calixto Garcia ospitalea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebete Habanan lurra jo zuen hegazkinetik bizirik atera zen emakumeetako bat, 40 urteko Emiley Sanchez kubatarra, hil egin da goizaldean, iturri ofizial batek jakitera eman duenez. Honenbestez, ezbeharreko hildakoak 112 dira.

Sanchez 01:45ean (05:45 Euskal Herrian) hil da, Habanako Calixto Garcia ospitalean. Istripua gertatu zen egunetik bertan zegoen. “Lesio traumatiko eta erredura larriak” zituen, Osasun Ministerioak bertako komunikabideei agiri batean jakinarazi dienez.

Ospitale berdinean 19 urteko Maylen Diaz gazte kubatarra dago. Cubana de Aviacion konpainiako DMJ-972 hegalditik bizirik atera eta bizirik dirauen bakarra da orain. Hegazkina maiatzaren 18an erori zen, Habanako aireportutik aireratu eta handik gutxira. Hegaldiak 113 pertsona zeramatzan, horien arten bost haur.

Sanchez, hildakoen erdia baino gehiago bezalaxe, Holguin (Habanatik 700 bat kilometrora, ekialdean) probintziakoa zen. Istripua izan zuen hegazkina bertara zihoan.

Aste honetan medikuek jakinarazi dutenez, emakumeak erredurak zituen gorputzaren % 40an, gehienak oso sakonak.

Hasiera batean, ezbeharretik hiru emakume bizirik atera ziren, baina horietako bat –23 urteko Grettel Landrove- iragan astelehenean hil egin zen, kalte neurologiko larriengatik.

Maylen Diaz bizirik dirauen bakarrak ez du erredurarik, baina traumatismo larriak ditu eta muturreko egoera kritikoan dago.

Cubana de Aviacioneko DMJ-972 hegaldia maiatzaren 18an erori zen laborantza zonalde batean, Habanako aireportutik kilometro batera, ikertzen ari diren arrazoiengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea