Mundua -
Wikileaks
Suediak galarazi egin du Julian Assange espetxetik ateratzea
Epaileak bermea ordaindu eta gero aske uztea agindu zuen atzo, baina Suediako Fiskaltzak helegitea aurkeztu du, eta beraz, Wikileakseko sortzaileak kartzelan jarraituko du gutxienez beste 48 orduz.
Erredakzioa
Julian Assange Wikileakseko sortzaileak beste gau bat pasatu du gaur espetxean bakartuta. Izan ere, atzo epaileak fidantzapeko askatasuna ezarri zion, baina Suediako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta ondorioz, Assange gutxienez beste 48 orduz izango dute kartzelatuta, hots, epaileak helegitea ebatzi arte.
Bien bitartean, Assangeren abokatua 200.000 librako (236.000 euro) bermea biltzen ari da, eta dagoeneko erdia lortu du.
Wikileakseko sortzailea (39 urte) Londresen atxilotu zuten, abenduaren 7an, Suediak emandako euroaginduaren ondorioz, herrialde hartako bi emakumek sexu delituak egotzi eta gero.
Australiarrak babes ugari jaso ditu mundu osotik, besteak beste Bianca Jagger ekintzailearena, Tariq Ali idazlearena, Ken Loach zinemagilearena, Jemima Khan aberatsarena, John Pilger kazetariarena, Hanif Kureishi idazlearena eta Michael Moore zuzendariarena.
Auzia amaitu arte, Erresuma Batuko Justiziak pasaportea kendu dio, besoko elektronikoa eta etxeratze agindua ezarri dio, eta urtarrilaren 11n berriz epailearenera eraman arte lagun batek utzitako etxebizitza batean geratzera behartu du.
Assangeren jarraitzaileek konspirazio politiko baten susmoa dute. AEBetan, politikari askok traizioa egotzi diote, eta heriotza zigorra eta guzti eskatu dute.