Mundua -

AEB

Comeyk FBIren arauak urratu zituen Clintonen gaineko ikerketan, txosten baten arabera

Agentziaren zuzendari ohiak -Trumpek kargutik kendu zuen- Kongresuari jakinarazi zion Clintonen inguruko ikerketa berrabiaraziko zuela, bere nagusiei esan beharrean, eta hauteskundeak baino lehen.

Comey, deklaratzen, aurreko urtean. Argazkia: EFE
Comey, deklaratzen, aurreko urtean. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Comey FBIren zuzendari ohiak ohiko prozedurak hautsi zituen posta elektronikoaren erabileragatik Hillary Clinton hautagaiaren gainean egindako ikerketa dela eta, AEBko Justizia Departamentuak zabaldutako txosten baten arabera.

Edonola ere, txostenak baztertu du Comeyk hautagai demokrataren aurkako helburu politikoengatik jardun izana, baina FBIk "hanka-sartze handia" egin zuen Kongresuari ikerketa jakinaraztea erabaki zuenean, Justizia Departamentuko nagusiei esan beharrean.

2016ko azaroan egindako presidentetza hauteskundeetarako 10 egun falta zirenean, Comeyk Kongresuari jakinarazi zion Hillary Clintonek bere posta elektroniko pribatuaren erabilerari buruzko ikerketa berrabiaraziko zuela.

Txostenean aztertutako elementuen artean, Michael Horowitz Justizia Departamentuko ikuskari nagusiak FBIren zenbait langileren elkarrizketak jaso ditu. Horietan, Donald Trump orduko hautagai errepublikanoaren aurkako oposizioa ageria zen, eta kritikatu egin dute testuan, baina Horowitzek ez du uste helburu politikoengatik jardun zirenik.

Zehatz-mehatz, Peter Strzok FBIren goi kargudun batek eta erakundeko abokatu batek izandako elkarrizketa aipatu du txostenak. Abokatuak Trump presidente izango ote zen galdetu zion Strzoki, eta horrek zera erantzun zion: "Ez, ez du lortuko. Gelditu egingo dugu".

Horowitzen arabera, adierazpenengatik ezin da ebatzi hauteskundeetan "eragiteko ekintza ofiziala nahia" zuela.

Strzok Clintonen mezuen ikerketan parte hartu zuen ikertzaileetako bat da, baina Robert Muellerrek  Trump eta Kremlinen ustezko koordinazioaren inguruan hasitako ikerketan ere parte hartu du.

FBI: 'Ez dago kutsu politikorik'

Christopher Wray FBIren gaur egungo zuzendariaren esanetan, txostenak "ez du inolako kutsu politikoren edo iritzi ezegokiren frogarik", baina zenbait agentek "erabaki okerrak" hartu zituzten.

"Txosten honek ez du ikerketan eragina izan zezaketen inolako kutsu politikoren edo iritzi ezegokiren frogarik", esan du Wrayk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hillary Clinton FBI