Mundua -
Espedientea ireki dute
Guatemalako Fiskaltzak Morales presidentea ikertuko du, bortxaketa bat dela eta
Edgar Gutierrez kantziler ohiak esan du ustez Jimmy Moralesek egindako sexu erasoei buruzko informazioa duela.
Agentziak | erredakzioa
Maria Consuelo Porras Guatemalako fiskal nagusiak espedientea ireki du Jimmy Morales presidentea ikertzeko, bortxaketa bat dela eta.
Porrasek Edgar Gutierrez kantziler ohiarekin bildu ostean hartu du erabakia. Gutierrezek baieztatu du ustez Jimmy Moralesek egindako sexu erasoei buruzko informazioa duela.
Fiskalaren esanetan, oraingoan lehen hartu-emana izan dute informazioa ezagutzeko, eta aurrerantzean ere gehiagotan biltzea aurreikusi dute.
Kantziler ohiak ez du biktimen daturik ezta informaziorik ere aurkeztu, baina fiskalak salaketa aurkezteko deia luzatu die emakumeei, eta segurtasuna bermatuko zaiela ziurtatu du.
Moralesen aurkako salaketak ekainean eman ziren ezagutzera aurrenekoz, kantziler ohiak El Periodico egunkariko artikulu batean "Moralesek gaztetxoei abusuak" egiten dizkiela adierazi ostean. Halaber, beste egunkari batean ere adierazi zuen ondoren.
Prensa Libre egunkariak argitaratu zuenez, emakume batek Moralesen aurkako salaketa aurkeztu zuen, sexu gehiegikeriak leporatuta, duela hilabete inguru. Horren arabera, datozen egunotan frogak aurkeztuko ditu emakumeak.
Kantziler ohiak berretsi duenez, kasu bat baino gehiago izan da, eta baliteke hamar bat emakumek presidentearen abusuak pairatu izana.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.