Mundua -

Presidenterako hauteskundeak

Emmerson Mnangagwa izango da Zimbabweko presidente berria, Mugaberen aroa amaituta

Mnangagwak botoen % 50 baino gehiago jaso ditu, baina oposizioak ez ditu emaitzak onartu. ZANU-PF alderdiak Parlamentuko eserlekuen bi heren bereganatu ditu.

Mnangagwa jarraitzaileen aurrean, Hararen, aurreko astean. Argazkia: EFE
Mnangagwa Zimbabweko presidente berria jarraitzaileen aurrean, Hararen
Mnangagwa jarraitzaileen aurrean, Hararen, aurreko astean. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmerson Mnangagwa hautagaiak irabazi ditu astelehenean Zimbabweko presidentea hautatzeko egin dituzten hauteskundeak, eta, ondorioz, bera izendatuko dute presidente, Hauteskunde Batzordeak ostegunean zabaldutako datuen arabera. Mnangagwak botoen % 50,8 jaso ditu.

Azarotik behin-behinean presidentetzan zegoen politikariak 2,46 milioi boto jaso ditu; Nelson Chamisa Aldaketa Demokratikoaren aldeko Mugimenduko (MDC) buruzagiak, berriz, 2,15 milioi (botoen % 44,3) jaso ditu.

Mnangagwak gaur bertan adierazi duenez, "ohore handia" da herritarrek bera aukeratu izana herria zuzentzeko, eta batasunaren alde egin du, "hautetsontzietan herria zatituta agertu ostean".

"Hasiera berri bat da. Batu ditzagun eskuak, bakean, batasunean eta maitasunean, eta eraiki dezagun Zimbabwe berri bat guztiontzat!", esan du Mnangagwak Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.

Datuak baieztatuz gero, Mnangagwa eta ZANU-PF (egun bertan agintean dagoen alderdia) Mugaberen aroaren ondotik Zimbabwen egin dituzten lehen hauteskunde orokorretako irabazle argiak lirateke.

Hauteskunde Batzordeak asteazkenean iragarri zuenez, ZANU-PF alderdiak Parlamentuko eserlekuen bi heren bereganatu ditu. Oposizioak, baina, protesta artean hartu zituen emaitzak, eta Harare hiriburuko kaleak hartu zituen horien berri jasotakoan; sei pertsona hil zituzten protestetan.

Oposizioak ez ditu emaitzak onartu

Mnangagwa presidente izendatu eta gutxira, Morgen Komichi oposizioaren alderdiko idazkari nagusiak gaur berretsi du bere alderdiak ez dituela onartuko emaitza horiek.

Komichiren adierazpenak Zimbabweko Hauteskunde Batzordearen egoitzatik bertatik egindako hitzaldi batean zabaldu dituzte, telebista bidez.

Halaber, horren esanetan, MDCk ezin izan ditu datuak egiaztatu Poliziak oposizioko ordezkariak egoitzatik kanporatu aurretik.

Asteazkenean, gutxienez sei pertsona hil eta hainbat zauritu zituzten Hararen izandako liskarretan, MDCren jarraitzaileek kaleak hartu eta hauteskundeetako emaitza horien kontra egin ostean.

Mugabe, bere emaztearekin batera, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Mugabe, bere emaztearekin batera, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Mugabe, emaztearekin batera, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Mugabek azaroan eman zuen dimisioa

Robert Mugabek dimisioa eman zuen iazko azaroan, Armadak herrialdearen kontrola hartu eta astebetera, presioen aurrean amore emanda.

Mugabek 37 urtez gobernatu du herrialdea, eta orain arte uko egin dio dimititzeari, bere aurkako manifestazio jendetsuak antolatu badituzte ere.

Kargutik kentzeak eragingo liokeen desohorea saihesteko eman zuen dimisioa Mugabek; izan ere, ZANU-PF alderdiak eta MDC-T oposizioko alderdi nagusiak buruzagia kargugabetzeko prozedura abiatu nahi zuten Parlamentuan eta Senatuan, hark dimisioa aurkeztu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak