Mundua -
ABUZTUAK 20
Afganistango Gobernuak su-etena iragarri du bihartik aurrera, talibanekin
Presidenteak esan du baldintza bat dagoela, talibanek ere gauza bera egitea. Hala bada, hiru hilabete iraungo ditu su-etenak, arkumearen festatik Mahomaren urtebetetze egunera arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ashraf Ghani Afganistango presidenteak su-etena iragarri du talibanekin. Alde bakarreko su-etena izango da eta bihar sartuko da indarrean, Eid al Adha arkumearen jaiaren egunarekin batera hasiko da, eta hiru hilabetez egongo da indarean, Mawlid egunera arte, azaroaren 19an, Mahomaren urtebetetzea ospatzen den egunera arte, alegia. Presidenteak luzatzeko aukera ere aurreikusten du, talibanek ere errespetatzen badute.
Baldintza bat du, ordea, talibanek ere gauza bera egitea. Horregatik, matxinoei eurek ere bat egiteko eskatu die Ghanik, Eid al Fitr jaiegunean, ekainean, Ramadanaren hasieran, egin zuten bezala. Hura izan zen 17 urtean indarrean sartzen zen lehen su-etena eta oraingo hau bigarrena litzateke beraz.
Iragarpena oso une berezian dator, izan ere, mundu osotik Saudi Arabiara iritsitako bi milioi musulmanek Mecarako urteroko peregrinazioa hasi dute, eta Afganistanen euren independentziaren 99. urteurrena ospatzen ari dira.