Mundua -
LURRIKARA
44 hildako eta 660 zauritu utzi ditu Japonian joan den astean izandako lurrikarak
Japoniako Gobernuak jakitera eman duenez, 40.000 polizia, suhiltzaile eta militar ari dira erreskate lanetan parte hartzen. Atsuma herrian izan zuen epizentroa lur astinduak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Japonia iparraldeko Hokkaido uhartean joan den astean izandako lurrikararen kalteak zenbatzen ari da Gobernua, eta, azken datuen arabera, 44 pertsona hil eta 660 zauritu dira.
Richter eskalan 6,7 gradu harrapatu zituen lurrikarak, eta hildako eta zauritu horiez gain, kalte material handiak utzi ditu Hokkaido osoan. Atsuma herrian izan zuen epizentroa lur astinduak, eta inguru hori da kaltetuena, ia hornidura gabe geratu baitira milaka herritar.
Hondamendiak Kudeatzeko Agentziak esan duenez, 2.500 pertsona baino gehiago daude joan den ostegunetik larrialdietarako egokitutako eraikinetan.
Yoshihide Suga Japoniako Gobernuko bozeramailearen arabera, 40.000 suhiltzaile, polizia eta militar ari dira erreskate lanetan parte hartzen.
Bestalde, ahalik eta energia gutxien erabiltzeko deia egin diete agintariek herritarrei eta enpresei, hornidura sareekin arazo handiak dituztelako, eta argindarrarekin sortutako arazoek ondorio ekonomiko larriak eragingo dituztela aurreratu dute.