Mundua -
Argentina
Cristina Fernandez Argentinako presidente ohia auzipetu dute, eroskeriagatik
Halaber, eta prebentziozko neurri gisa, Argentinako presidente ohia kartzelan sartzeko eskatu du epaileak. Hala ere, oraingoz ez dute atxilotuko senatari izateagatik immunitatea duelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaile batek Cristina Fernandez Argentinako presidente ohia auzipetu du, 2003tik 2015era arteko agintaldietan kontratu publikoak ematearen truke enpresariengatik dirutza jasotzea egotzita.
Halaber, epaileak Fernandez eta haren gobernuko beste zenbait kide kartzelan sartzeko agindua eman du, prebentziozko neurri gisa. Alabaina, oraingoz ez dute atxilotuko, senataria delako eta immunitatea daukalako. Senatuaren bi herenaren botoak beharrezkoak dira Fernandezek forupeko izateari uzteko eta, ondorioz, atxilotua eta espetxeratua izateko.
Claudio Bonadio magistratuak eroskeria sare bat osatzea leporatzen die Fernandezi, haren gobernuko zenbait kideri eta hainbat enpresariri. Kontratu publikoak lortzeko, enpresari horiek diru kantitate handiak ordaindu zituztela uste du epaileak.
Enpresari horietako bat Angelo Calcaterra da, Mauricio Macri egungo presidente argentinarraren lehengusua. Nestor Kirchnerren nahiz Cristina Fernandezen hauteskunde-kanpainak finantzatzeko legez kanpoko ordainketak egin izana aitortu du, baina presiopean egin zuela erantsi du.
Eskandalua joan den abuztuan eman zen argitara, eta orduz geroztik, auzipetutako hainbat enpresarik eta politikarik "damua" agertu dute eta Justiziarekin kolaboratzeko prest azaldu dira, balizko zigorrak arintzeko asmoz. Guztiek onartu dute eroskeria sare bat egon zela eta Fernandezek nahiz haren alargunak, Nestor Kirchner presidente ohiak, parte hartu zutela.
Epaileak egindako ikerketaren arabera, agintean egon ziren urteetan, Kirchner, Fernandez eta Julio de Vido lan publikoen alorreko ministroa izan ziren eroskeria sare horretako "benetako onuradunak".