Mundua -

GOI-BILERA PIONGIANGEN

Ipar Korea bere gune nuklear nagusia ixteko prest dago, AEBk neurriak hartzen baditu

Piongiangen egin duten goi-bileran, bi Koreek akordioa sinatu dute. Horren arabera, azaroaren 1etik aurrera bertan behera utziko dituzte muga ondoko maniobrak.

Moon Jae-in eta Kim Jong-un. Argazkia: EFE
Moon Jae-in eta Kim Jong-un. Argazkia: EFE
Moon Jae-in eta Kim Jong-un. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiak bere programa nuklearraren epizentro den Yongbyon hiriko gunea erabat desegitea proposatu du, baldin eta Singapurren adostutakoaren haritik AEBk "dagozkion neurriak" hartzen baditu.

Bi Koreek Piongiangen egin duten goi-bileran, adierazpen bateratua sinatu dute Kim Jong-un Ipar Koreako buruak eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak. Dokumentu horren bitartez, besteak beste, Koreako penintsulatik arma nuklearrak deuseztatzeko eta desnuklearizazio prozesuan "ahalik eta azkarren benetako pausoak emateko" konpromisoa hartu dute.

AEBk eta Ipar Koreak Singapurren egindako goi-bileran, desnuklearizazioa gauzatzeko konpromisoa hartu zuten. Geroztik, alde bateko eta besteko keinuak izan dira eta horien artean kokatzen da Yongbyon hiriko zentrala behin betiko ixteko eskaintza ere. Dena den, eta eskaintzak eskaintza, oraindik ez dago desnuklearizazio prozesua gauzatzeko datarik eta ezta horri buruzko zehaztapen teknikorik ere.

Gaur sinatutako adierazpen horren baitan, Kim Jong-unek misilak jaurtitzeko Sohaeko gunea ixteko konpromisoa ere hartu du, nazioarteko begiraleen ikuskaritzarekin.

Dokumentuaren arabera, bi herrialdeek azaroaren 1etik aurrera bertan behera utziko dituzte muga ondoko maniobrak. Gainera, mugatik gertu ezarriko duten eremuan hegaldiak murriztuko dituzte eta itsasoko mugaren inguruan adostutako gunean maniobrak debekatuko dituzte.

Bestalde, Hego Koreako presidentearekin batera egin duen agerraldian, urtea amaitu aurretik Seulera bisita egin nahi duela aurreratu du Ipar Koreako buruak. Hala balitz, hori egiten duen Ipar Koreako lehen buruzagia izango da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hego Korea Ipar Korea