Mundua -
Frantzia
Benalla: 'Ez nintzen Macronen bizkartzaina, eta ez nuen segurtasun kontuen ardura'
Senatuan 'Benalla auzia' ikertzeko abiatu duten batzordean deklaratu du. Azaldu duenez, Frantziako presidentearen laguntzaile pertsonala zen, eta horregatik zegoen beti Macronen ondoan.
Agentziak | Erredakzioa
Alexandre Benalla Emmanuel Macron Frantziako presidentearen laguntzaile izandakoak gaur azaldu duenez, ez zen Macronen bizkartzaina, eta ez zen haren segurtasunaz arduratzen. Benalla auzipetuta dago maiatzaren 1ean manifestari batzuk kolpatzeagatik.
Benallak agerraldia egin du goizean Frantziako Senatuan auzia ikertzeko abiatutako batzordean. Senatariek maiatzaren 1eko gertakariez galdetu diote, baina ez die galderei erantzun, ikerketapean dagoela argudiatuta.
Macronen ekitaldi ofizialak eta irteera pertsonalak koordinatzeko ardura zuela, eta horregatik zegoela beti haren ondoan, azaldu du.
Benallaren hitzetan, bera ez zen presidentearen segurtasunaz arduratzen, poliziak eta jendarmeak ziren horren arduradun. "Ni presidentearen eskuinaldean banengoen, ezkerraldean agente bat zegoen, edo aldrebes", erantsi du.
Macronen "laguntzaile pertsonala" zela zehaztu du, aurreko presidenteek izan ez duten kargua zuen, horrenbestez.
Horrez gain, presidentearen irteera pertsonaletan horren "erosotasuna" koordinatzeko lanak egiten zituela esan du.
Arma bere burua babesteko zuen, ez presidentea babesteko
Senatarien galderei erantzunda, presidentea babesteko zerbitzuak koordinatu zituela aitortu du, baina horien buru ez zela nabarmen du.
Armak edukitzeko baimenari dagokionez, bere burua babesteko eskatu zuela adierazi du, ez presidentea babesteko. Benallaren esanetan, Eliseoko lana bukatzen zenean hartzen zuen arma, "salbuespenak salbuespen".
"Eliseoko langileekin ika-mikaren bat" izan zuela onartu du, baina lan egiteko modu ezberdinak zituztelako gertatu zen, horren arabera: "Funtzionarioak baino modu arduratsuagoan egiten nuen lan nik".