Mundua -
Krisia
Madurorekin biltzeko prest agertu da Trump
"Ez zen nire asmoa, ez zegoen nire planen artean, baina jendeari laguntzeko nago hemen", esan du AEBko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro agintari venezuelarrarekin biltzeko asmoa erakutsi du gaur, Armadak Venezuelako Gobernua erraz suntsitu lezakeela esan eta ordu batzuetara.
Nazio Batuen Erakundera heldu denean, Venezuelako krisiari buruz galdetu diote, eta herrialde horrek irtenbide bat bilatzea eta jendea "arriskutik kanpo" egotea nahi duela azpimarratu du.
Venezuelak "zorigaiztoko" egoera bizi duela ere adierazi du Trumpek. Horregatik, prest azaldu da Madurorekin biltzeko.
"Ez dakit hemen dagoen, ezta bildu nahiko duen ere", esan du Trumpek. "Ez zen nire asmoa, ez zegoen nire planen artean, baina jendeari laguntzeko nago hemen", gaineratu du AEBko presidenteak.
Atzo ere, NBEren Batzar Nagusiaren aurrean, Venezuelari buruz mintzatu zen, "krisi politikotik eta ekonomikotik aldendu nahian, herrialdea utzi behar izan duten venezuelarren tragediari" gogora ekarrita.
Madurorena, Batzar Nagusiaren gaurko hitzorduen artean
NBEko Batzar Nagusiak gaurko aurreikusita dituen hitzorduen artean azaltzen da Nicolas Madurorena. Dena dela, Venezuelako Gobernuak ez du oraindik ofizialki baieztatu Maduro NBEk New Yorken duen egoitzara joango den ala ez.
Iragan astean presidente venezuelarrak esan zuen "segurtasun baldintzak" aztertzen ari zela, hiltzaileen "begira-puntuan" zegoela iritzita.
Bien bitartean, Trumpek berretsi du, Venezuelari dagokionez, "aukera guztiak" daudela mahai gainean, bide militarra zeharka aipatuta.
"Aukera guztiak daude zabalik. Guzti-guztiak. Sendoak eta ez hain sendoak. Aukera guztiak, eta badakite horrekin zer esan nahi dudan", ziurtatu du.
Ildo horretan, Trumpek behin eta berriro errepikatu du Venezuelako jendeaz arduratuko dela, eta gogorarazi du venezuelar asko AEBn bizi direla, "horietako asko Doral inguruan, Miamin".