Mundua -
NAZIO BATUEN BATZARRA
AEBko azaroko hauteskundeak manipulatzen saiatzea egotzi dio Trumpek Txinari
Txinako Atzerri ministroak akusazioak ukatu ditu eta Txina ez dela inoiz beste herrialde baten barne arazoetan sartu adierazi du.
AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetan azaroan egingo diren hauteskundeak manipulatu nahian ibiltzea leporatu dio Donald Trumpek Txinari. Ez du, ordea, frogarik aurkeztu. Txinako Atzerri ministroak ukatu egin ditu akusazioak, eta Txina ez dela inoiz beste herrialde baten barne arazoetan sartu nabarmendu du.
"Txina gure hurrengo hauteskundeetan (azaroak 6) eskua sartu nahian dabil", esan du Trumpek Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren aurrean egin duen hitzaldian. "Ez dute nik edo guk (Alderdi Errepublikanoa) irabazterik nahi, ni izan bainaiz alor komertzialean Txinari desafioa bota dion lehen presidentea", adierazi du.
Batzarraren amaieran, Txinaren aurkako akusazioez galdetuta, esku-hartze horren "froga asko" daudela esan du Trumpek, baina ez du xehetasunik eman.
Trumpen akusazioei erantzunez Wang Yi Txinako Atzerri ministroak nabarmendu duenez, "Beijingek ez du inoiz esku hartu beste herrialde baten barne arazoetan".